Mundua
GAZA, ERASOPEAN
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nazio Batuen Erakundeko agentzia horretako zenbait langilek urriaren 7ko erasoekin harremana izan zutela salatu du Israelek, eta horren ondoren etorri da erabakia. Hamasek ukatu egin du harreman hori, eta Israelek eskerrak eman dizkie funtsak bidaltzeari utzi dioten herrialdeei.
Khan Yuniseko errefuxiatu eremuan zeuden ama-alabak, Rafahra bidean. Argazkia: EFE
Estatu Batuek, Kanadak, Australiak, Italiak, Erresuma Batuak, Herbehereek eta Finlandiak UNRWA errefuxiatu palestinarrentzako Nazio Batuen agentziari finantziazioa kentzea erabaki dute azken orduetan, Israelek dozena bat langilek urriaren 7ko erasoekin zerikusia izan zutela salatu ondoren. Salaketa argitzeko, ikerketa ireki dute, baina emaitza izan aurretik hartu dute erabakia.
Norvegiak, bere aldetik, bere babesa berretsi dio NBEren menpeko agentziari, eta dirulaguntzak bidaltzen jarraitzea erabaki du, "Gazako egoera katastrofikoa delako eta UNRWA delako bertan dagoen erakunde humanitario garrantzitsuena". Horren arabera, "Palestinarentzat nazioartearen babesa inoiz baino garrantzitsuagoa da". Irlandak ere UNRWA babesten jarraituko duela esan du.
UNRWAk atzo iragarri zuenez, Hamasek urriaren 7an egindako erasoetan bere langile batzuek ustez izandako parte-hartzeari buruzko informazioa jaso zuen Israelen bidez, barne ikerketa ireki zuen eta langile horiek kaleratu egin zituen. Eraso haiek 1.200 hildako eta 250 bahitu utzi zituzten Israelen.
1948an, Israel sortu zenean, gerrako errefuxiatuei laguntzeko sortu zuten UNRWA, eta hezkuntza, osasuna eta laguntza-zerbitzuak eskaintzen dizkie palestinarrei Gazan, Zisjordanian, Jordanian, Sirian eta Libanon. Gazako 2,3 milioi biztanleen bi hereni ematen die laguntza, eta funtsezkoa izaten ari da gerra honetan, laguntza kudeatzeko.
Zisjordania okupatuaren zati batzuetan agintzen duen Palestinako Aginte Nazionalak gogor kritikatu du herrialde horiek UNRWAri finantzaketa eten izana, eta gaitzespen osoa agertu du Palestina Askatzeko Erakundeak ere.
Hamasek ukatu egin du NBEren agentzietako langileek eurekin kolaboratzea, eta Israelek herrialde gehiagori eskatu die UNRWAri funtsak eteteko
Hamasek ukatu egin du NBEko langileek eurekin kolaboratzea. "Gogor gaitzesten dugu erakunde kriminal sionistak gure herriari laguntzen dioten nazioarteko erakundeen aurka abiarazitako kanpaina, genozidio nazia jasaten ari baitira", adierazi du Hamasek ohar batean.
Israel Katza Israelgo Kanpo Arazoetako ministroak, berriz, Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentzia "benetan bakearen eta garapenaren alde diharduten agentziek ordezka dezatela" eskatu du sare sozialetan argitaratutako mezu batean, eta AEBren, Australiaren, Kanadaren, Erresuma Batuaren, Italiaren eta Finlandiaren erabakia eskertzeaz gain, horiek egin duten gauza bera egiteko eskatu die beste herrialdeei.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa