12:53

Mundua

Ukrainako gerra

Errusiako hegazkin militar bat erori da Ukrainako mugatik gertu, 65 preso ukrainar zeramatzala

Agentziak | EITB MEDIA

Errusiako Atzerri Ministerioak salatu duenez, Kievek bota du abioia, eta "ekintza terrorista basatia" izan da. Ukrainako iturri militarren esanetan, misilak zeramatzan hegazkinak. Belgorod eskualdeko gobernadoreak hegazkinean zihoazen 74 bidaiariak hil direla baieztatu du.

0:26
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Errusiako Il-76 motako hegazkin militar bat amildu da gaur Belgorod eskualdean, Ukrainako mugatik 50 bat kilometrora, Errusiako Defentsa Ministerioak Telegram sare sozialean jakinarazi duenez. Errusiako Atzerri Ministerioak salatu duenez, Kievek bota du abioia, "ekintza terrorista basati" batean. Defentsa Ministerioak gerora zehaztu duenez, euren radarrek bi misil ukrainar atzeman dituzte. 

Hegazkinean 65 preso ukrainar, tripulazioko sei kide eta hiru militar errusiar zihoazen. Oharrean zehaztu dutenez, preso ukrainarrak soldadu errusiarrengatik trukatu behar zituzten. 74 bidaiariak hilda daudela jakinarazi du Viacheslav Gladkov Belgorodeko gobernadoreak. 

Baza agentziak (Errusiako segurtasun zerbitzuei lotutakoa) bideo bat argitaratu du istripuaren unearekin. Abioia lurrera jausten ikus daiteke, eta, ondoren, suzko bola handi bat. Gertakaria Errusian 11:00ak zirenean jazo da (Euskal Herrian, 09:00ak), eta ez omen du bestelako kalte material edo pertsonalik eragin. 

Il-76 motako hegazkinak soldaduak, ekipamendu militarrak eta armak garraiatzeko erabili ohi dira. 

Dimitri Peskov Kremilen bozeramaileak azaldu du agintariak gertatutakoa ikertzen ari direla jada. 

Viacheslav Gladkov Belgorodeko gobernadorearen hitzetan, larrialdi zerbitzuak istripuaren lekuan daude jada. Aurrez, Ukrainak aire erasoa egin zezakeela ohartarazi du Gladkovek, eta drone bat bota dutela baieztatu. 

Atzerri Ministerioak gertatutako Ukrainari leporatu baino lehen, tesi hori baieztatu du Andrei Kartapolov Dumako kide eta erretiratutako jeneralak. Ukrainak jaurtitako hiru misilek eraitsi dute hegazkina, horren esanetan. 

"Euren soldaduak hil dituzte (...) Misio humanitarioan zihoazen gure pilotuak ere erail dituzte, babesgabe zeudenean", gaineratu du.

Erasoa egiteko erabilitako misilak norenak, estatubatuarrak ala alemaniarrak, ziren zehazteko ikerketa abian dela azpimarratu du. Iragarri duenez, AEBri zein Alemaniari zuzendutako mezu bat kaleratuko du laster Errusiako ganberak: "Ulertu behar dute nori ematen dioten laguntza eta dirua. Erregimen nazia da",. 

Misilak garraiatzen zituen, Ukrainaren arabera

Ukrinform Ukrainako agentzia publikoak iturri militarrak aipatuta zabaldu duenez, istripua izan duen hegazkinak misilak zeramatzan. 

Ukrainska Pravda agentziaren arabera, Ukrainako segurtasun indarrek bota dute hegazkina.

Kievek ez du, dena den, hegazkin istripuaren inguruko informazio ofizialik eman. 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena