Mundua
EKIALDE HURBILA
Iranek misil balistikoak jaurti ditu Iraken eta Sirian
AGENCIAS | EITB MEDIA
Irakeko Gobernuko Segurtasun arduradunek baieztatu dutenez, gutxienez zortzi misil jaurti dituzte Estatu Batuen kontsultatuaren eraikin baten kontra, Iraken menpeko Kurdistango lurretan. Erasoan, bi pertsona hil dira eta lau zauritu.
-
Iraken izandako erasoan suntsituta geratu den eraikin bat. Argazkia: EFE
Irango Guardia Iraultzaileak misil balistikoak jaurti ditu Iraken eta Siriaren kontra, eta gutxienez bi zibil hil ditu. Zabaldutako informazioaren arabera, "Estatu Islamiarrarekin eta erregimen sionistaren espioiekin" lotuta daude erasotutako eraikinak.
Agiri batean, Guardia Iraultzaileak azaldu du urtarrilaren hasieran Irango Kerman hiriko hilerrian izandako hilketei emandako erantzuna izan dela gaurkoa. Talde horrek gehitu duenez, "iraniarren kontrako espioien kuartela eta beste talde terrorista batzuen gotorlekuak" erasotzea izan da helburua, eta "denak suntsituta geratu dira"
Bere aldetik, Naser Kanani Irango Gobernuko Atzerri Gaietako Ministerioko eledunak "Iranek bere burua defendatzeko duen eskubidea" nabarmendu du, "herrialdearen segurtasuna kolokan jartzen duten mehatxuen aurrean".
Iran "bakearen alde" dagoela ziurtatu arren, Kananik esan du mehatxuen aurrean "neurriak" hartuko dituztela eta "gaizkileak zigortu".
Iranen zibilen kontra azken hamarkadetan izan den eraso larriena izan zen Kerman hirian Estatu Islamiarrak egindakoa. 94 pertsona hil ziren. Ordutik, Irango Gobernuak 35 pertsona baino gehiago atxilotu ditu, erasoarekin zerikusia dutelakoan.
Irakeko Gobernuak jada iragarri du Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordean salatuko duela bart izandako erasoa.