Mundua
GUATEMALA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aurreikusitakoa baino ia hamar ordu geroago hartu du presidente kargua Bernardo Arevalo aurrerakoiak. Tensio handiko saioa izan da, oztopo judizialen eta Kongresuko tirabiren ondorioz.
Inbestidura saio tirabiratsu eta luze baten ondoren, azkenean, gaur goizaldean izendatu dute Guatemalako presidente Bernando Arevalo de Leon, Semilla Mugimenduko hautagaia. Kongresua osatzen duten 160 parlamentarioek kredentzialak hartu dituzte aurretik, eta tentsio handiko uneak egon dira prozedura horretan. Horri guztiari, epaitegietatik iritsi diren trabak gehitu zaizkio, eta ondorioz, aurreikusita zegoena baino ia hamar ordu geroago hartu du presidente kargua Arevalok.
Iazko abuztuan egin ziren hauteskundeetan, botoen % 58 lortu zituen hautagai aurrerakoiak. Ustelkeriaren eta atzerakada demokratikoaren aurka egitea agindu du kargua hartu berritan egin duen hitzaldian. "Autoritarismo gehiago ez", esan du.
Kongresuan izandako saio gorabeheratsuak kalean ere izan du erantzuna. Arevaloren milaka jarraitzaile kalera atera dira, presidente berriari babesa azaltzera.
Arevaloren jarraitzaileak, bart. Argazkia: EFE
Hauteskundeen ondotik, oso zatituta geratu da Guatemalako Behe Ganbera, eta ez du legealdi erosoa izango Arevalok.
Semilla Mugimenduaren sortzaileetako bat da Arevalo. 2015ean Gautemalan ustelkeriaren aurka izandako manifestazioetatik sortu zen alderdi hori, eta, besteak beste, egun espetxean dagoen Otto Perez Molina Gobernutik kentzea ekarri zuen mugimendu hark. "Guatemalako gazteei esker hitz egin dezaket gaur oholtza honetatik", adierazi du presidente izendatu berriak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa