Mundua
Itsaso Gorria
Agentziak | EITB Media
Milizia xiitak misil balistikoekin eta gurutzaldi-misilak jaurtita erantzun du, eta bi herrialdeei gerra deklaratu die. Ekialde Hurbileko gatazka Gazaz harago zabaltzea ekarri dute erasook.
Albisteak (1)
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) eta Erresuma Batuak airez bonbardatu dute bart Yemen. Bi herrialdeon arabera, matxino huthiek entzungor egin diete Itsaso Gorrian ontzien kontrako erasoak geldiarazteko eskaerei, eta milizia xiiten menpe dauden sei eskualderi eraso diete, tartean Sana hiriburuari. Ia berehala heldu da matxinoen erantzuna: misil balistikoak eta gurutzaldi-misilak jaurti dituzte, eta bi herrialdeei gerra deklaratu diete.
Joe Biden AEBko presidenteak ohar bidez baieztatu du erasoa. Zehaztu duenez, Australiaren, Bahrainen, Kanadaren eta Herbeheeren laguntzarekin egin dituzte erasoak. "Ontzien kontrako eraso zoro horien kontrako nazioartearen erantzuna bateratua eta irmoa izan da", adierazi du presidente estatubatuarrak.
EFE albiste agentziak aipatutako lekukoen arabera, huthien menpe dauden sei probintzia bonbardatu dituzte AEBk eta bere aliatuek. Tartean daude Sana hiriburua, Al Hudaydah portuko hiria, eta Saada, Dhamar, Taiz eta Hajjah eskualdeak (herrialdearen mendebaldea).
Ekialde Hurbileko gatazkaren eskalatzea
Gazako Zerrendaren mugak gainditu ditu, horrenbestez, Ekialde Hurbileko gatazkak. Hain justu, Israelek eremu palestinarren kontra egindako erasoak salatzeko, huthiak Al Badeh itsasartetik eta Itsaso Gorritik Suezko kanalera doazen merkataritza-ontziak blokeatzen eta erasotzen hasi ziren urte amaieran. Diotenez, euren asmoa ez da ontziak hondoratzea, Israeli presio ekonomikoa egitea baizik, Gaza erasotzeari utz diezaion.
AEBren arabera, azaroaren 19az geroztik erasoek 50 herrialderi baino gehiagori eragin diete, eta 2.000 ontzik bide alternatiboak bilatu behar izan dituzte Itsaso Gorria saihesteko, produktuen iritsiera atzeratuz eta garestituz.
"Gure herritarrak eta nazioarteko merkataritzaren zirkulazio askea babesteko neurri osagarriak agintzeko prest nago, beharrezkoa bada", ohartarazi du Bidenek bere oharrean.
Gerra deklarazioa
Lehen bonbardatzeak izan eta gutxira, ohartarazpena egin du Ali al Quhom matxinoen bozeramaileetako batek X sare sozialean: "Estatubatuarrek eta britainiarrek espero dutena baino handiagoa eta krudelagoa izango da borroka. Gerra irekian gaude".
Adierazi duenez, "gogor entzuten ari gara AEBko eta Erresuma Batuko korazatuen kontra. Euren base militarrei egingo diegu eraso, eta hurrengo pausoa harago joango da".
Huthien iturriek baieztatu dute misil balistikoekin eta gurutzaldi-misilak jaurti dituztela.
Yahya Sari huthien operazio militarren bozeramaileak jakinarazi duenez, bonbardatzeetan taldeko bost kide hil eta zazpi zauritu dituzte. "Eraso kriminal hau ez da erantzunik gabe geratuko, zigorra jasoko dute", erantsi du.
Huthiak, Sanan hiriburuan. EFE
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa