Mundua
Ekuador
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Astelehen gauean, Noboak salbuespen egoera eta 60 eguneko etxeratze agindua ezarri zituen. Ordu batzuk geroago, "barne gatazka armatua" deklaratu zuen Ekuadorren, "talde narkoterroristek lehertutako indarkeria oldeak behartuta".
Gutxienez hamar lagun zendu dira —tartean bi polizia nazional— eta hiru zauritu Daniel Noboa buru duen Ekuadorreko Gobernuak deklaratutako "barne gatazka armatuan". Hain zuzen ere, "talde narkoterroristek lehertutako indarkeria oldeak" eragin ditu istiluak herrialde horretan.
Orain arte, 70 pertsona hartu dituzte atxilo, atentatuak eta "eraso terroristak" burutu dituztelakoan, Poliziak berak jakinarazi duenez. Sare sozialen bidez zabaldutako ohar batean, Ekuadorren azken orduetan izandako ekintza armatuen balantzea egin du, eta argitu dagoeneko aske daudela astelehenean bahitutako hiru agenteak.
Daniel Noboa presidenteak, bere aldetik, salbuespen egoera ezarri zuen herrialde osoan iragan astelehenean, antolatutako zenbait talde armatuk piztutako istiluen ondotik —batez ere, sei espetxetan izandako iskanbilagatik, eta arriskutsutzat jotzen dituzten hainbat presoren ihesaldiagatik—.
Perun ere izua zabaldu du Ekuadorreko egoerak, eta larrialdi egoera ezarri du Gobernuak, bai eta Indar Armatuen zabaltzea agindu ere, mugan Polizia Nazionalaren zaintza indartze aldera.
Noboak ez du agerraldi publikorik egin
Bere herrialdean gertatu diren istilu larriak gorabehera, Ekuadorreko buruzagiak ez du agerraldi publikorik egin. Besterik gabe, Ekuadorren "barne gatazka armatua" deklaratzen duen dekretua sare sozialen bidez zabaldu, eta Noboa bera Estatuko hiru botereetako ordezkariekin azaltzen den argazki bat partekatu du X-en.
Se acaba de instalar el COSEPE
— Daniel Noboa Azin (@DanielNoboaOk) January 9, 2024
No permitiremos que grupos terroristas quebranten la paz del país. pic.twitter.com/4m1Y3PwtBO
Erasoak eta kartzela-krisia
Izu-ikara zen nagusi atzo Ekuadorren, herritarrak talde armatuen erasoen beldur zirelako, erasotzaileek merkataritza-guneak eta kaleak hartu zituztelako, eta zuzenean emititzen ari zen Guayaquilgo telebista kate publikoan oldarka sartu zirelako.
Hari-mutur askoko krisia bizi izan dute urritik ekuadortarrek. Garai hartan hautatu zuten presidente Daniel Noboa, hauteskunde kanpaina korapilatsu baten ostean. Izan ere, kanpainak iraun zuen bitartean hainbat hautagai hil zituzten, tartean, Fernando Villavicencio.
Gauzak horrela, buruzagi ekuadortarrak Indar Armatuei manatu die ekintza militarrak abia ditzatela, telebista kate publikoan atzo izandako erasoak, sei kartzelatan gertatutako matxinadak eta Quiton jazotako indarkeriak bultzatuta-edo.
Aurretik, astelehen gauean, Noboak salbuespen egoera eta 60 eguneko etxeratze agindua ezarri zituen, egun bat lehenago Los Choneros talde kriminaleko Adolfo Macias "Fito" "desagertu" zelako. Presondegi seguruago batera eraman nahi zuten unean bertan egin zuen ihes Maciasek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa