Mundua
ADINGABEEN TRAFIKOA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Loreta Preska New Yorkeko epaileak Jeffrey Epstein auziarekin lotutako 2.000 orrialde baino gehiago desklasifikatzeko agindua eman du gaur. Epsteini pedofilia eta adingabeen trafikoa leporatu zizkioten.
Jeffrey Epstein eta Ghislaine Maxwell. Argazkia: EFE
Loreta Preska New Yorkeko epaileak Jeffrey Epstein auziarekin lotutako 2.000 orrialde baino gehiago desklasifikatzeko agindua eman du gaur. Epsteini pedofilia eta adingabeen trafikoa leporatu zizkioten. Desklasifikatutako dokumentu horietan, Ingalaterrako Andres printzea, Bill Clinton eta Donald Trumpen izenak agertzen dira, besteak beste.
Paper horietan beste izen batzuk aipatzen dira, hala nola Michael Jackson abeslari zenarena, David Cooperfield magoarena edo Stephen Hawking astrofisikariarena. Hala ere, haien aurkako salaketa zehatzik ez dago.
Dokumentuetan beste 200 izen ager daitezkeela ohartarazi dute, eta horien artean Epsteinen biktimak, enpresaburu nabarmenak eta figura politikoak daude, CNN telebista-kateak argitaratu duenez.
Txosten horiek Virginia Giuffrek Ghislaine Maxwellen aurka, Epsteinen neska-lagun ohiaren aurka, aurkeztutako 2015eko difamazio-kasu baten parte dira. Dokumentuen artean, Giuffre eta Maxwellen deklarazio batzuk daude, baita Johanna Sjoberg Epsteinen beste biktimetako baten adierazpen bat ere. Azken honek, Ingalaterrako Andres printzeak bularrak ukitu zizkiola deklaratu zuen. Salaketa hau ezaguna bada ere, dokumentu judizialean agertzen den lehen aldia da.
Sjobergek, halaber, Epsteinek Bill Clinton AEBko presidente ohiari "gazteak gustatzen zitzaizkiola, neskei erreferentzia eginez" esan ziola ere adierazi zuen, dokumentuetako batean irakur daitekeenez. Clintonek dio ez zekiela ezer bere krimenei buruz.
Dokumentuetan agertzeak ez dakar inolako erruduntasunik, mezu elektronikoak eta biktimen edo lekukoen adierazpenak biltzen baitira bertan. Adingabeak zirenen edo adierazpen publikorik egin ez dutenen identitatea ezkutatuta egongo da.
Epsteinek bere buruaz beste egin zuen 2019an, New Yorkeko espetxe federal batean. Epaiketa zain zegoen, ustez adingabeen sexu-trafikoko sare bat sortzeagatik Sagar Handian eta Floridan dituen etxeetan. Neska gazteenek 14 urte zituzten, Fiskaltzaren arabera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa