Itxi

Mundua

IRAN

Ia 100 hildako Iranen, Soleimaniren hilobitik gertu izandako bi leherketetan

AGENTZIAK | EITB Media

Leherketak Soleimaniren heriotzaren urteurreneko ekitaldietan izan dira. Lau urte dira, AEBk Iraken egindako bonbardaketa baten ondorioz, Guardia Iraultzailearen Quds Indarraren buruzagia hil zela.

0:41
Leherketaren unea. Reutersen bideo batetik ateratako irudia.

100 pertsona inguru hil dira asteazken honetan Iranen, Kerman hiriko hilerri batetik gertu izan diren bi leherketen ondorioz. Bertan, AEBk Iraken hil zuten Qasem Soleimani, Guardia Iraultzailearen Quds Indarraren burua, dago lurperatuta.

Irango agentzia ofizialak IRNAk jakinarazi duenez, hildakoen kopurua 95koa da momentuz. Leherketak, gainera, 140 zauritu inguru utzi ditu. Ez dute baztertzen hildakoen kopuruak gora egitea ondorengo orduetan.

Agentzia honen arabera, lehenengo leherketa Soleimaniren hilobitik 700 metrora gertatu da. Ondoren, bigarren bat izan da handik kilometro batera. Soleimaniren heriotzaren laugarren urteurrena ospatzeko ekitaldia egiten ari ziren bertan eta ingurua jendez beteta zegoen.

Irango agintariek ekintza terroristatzat hartu dituzte leherketak.

Segurtasun-indarren presentzia areagotu egin dute leherketaren eremuan. Horrez gainera, anbulantzia ugari gerturatu dira bertara biktimak artatzera eta zaurituak hiriko ospitaleetara eramatera.

Egunotan milaka pertsona bildu dira Kerman hirian 2020ko urtarrilaren 3an AEBetako indarrek droneekin egin zuten erasoan hil zen Qasem Soleimani omentzeko. Eraso hartan Abu Mahdi al Muhandis ere hil zen, garai hartan Herri Mobilizazioko Indarren taldeko (Iranek babestutako milizia irakiarren koalizioa) bigarrena zena.

Soleimaniren heriotzagatik, 50.000 milioi dolar (46.000 milioi euro baino gehiago) ordaintzera zigortu zituen Irango auzitegi batek joan zen abenduaren 6an Ameriketako Estatu Batuetako Gobernua eta beste erakunde eta norbanako batzuk, tartean, baita Donald Trump presidente ohia ere.