11:55

Mundua

Gaza, erasopean

Bakerik gabeko Gabonak Palestinan

EITB Media

Israelen erasoaldiak su-etenik gabe jarraitzen du Gazan, eta "helburu terroristak" suntsitzean ditu jarriak indarrak. Hildako zibil palestinarrak 20.000 baino gehiago dira dagoeneko. Ustez Jesus jaio zen tokian, Betleemen, gaur ez da jai-ekitaldirik izango, dolu-prozesio solemne bat baizik.

  • Elizgizon bat kandelak pizten, Belengo Natibitateko Basilikan. EFE.

    Elizgizon bat kandelak pizten, Belengo Natibitateko Basilikan. EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelgo erasoaldiak etenik gabe jarraitzen du Gazako Zerrendan. Israelgo Armadaren arabera, azken 24 orduetan Hamasen 200 "helburu terrorista" baino gehiagori eraso die, iparraldeko gune zibil bateko arma-biltegi bati tartean. Gainera, azken astean Hamaseko eta Jihad Islamikoko ustezko 200 kide baino gehiago atxilotu dituztela esan du; 800, gerra hasi zenetik.

Jabalian egindako beste operazio batean, iparraldean, hegazkinek eta artilleriako tropek Hamaseko ustezko zazpi miliziano hil eta lau behaketa-gune suntsitu dituzte, Israelgo Armadaren arabera. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, 152 soldadu israeldar hil dira Gazako borroketan urriaren 27an lurreko erasoaldia hasi zenetik.

Israelek, bere aldetik, bonbardaketekin eta aireko eta lurreko erasoekin, 20.200 zibil palestinar baino gehiago hil ditu, 8.000 haur baino gehiago tartean. Gainera, 56.000 pertsona zauritu ditu eta milaka dira hondakinen artean desagertuta daudenak. Palestinako lurraldean inoizko biktima gehien eragin duen gatazka da honakoa, Gaza Osasun Ministerioaren arabera.

Gabonak doluan

Abenduaren 24an, Betleemen, Palestinako kristau komunitatearen erdigunean, desfile tradizional batekin ospatu ohi dituzte Gabonak, musika-banda eta guzti, jai-giroa nagusi dela. Gero, Jerusalemgo patriarka latinoak meza ematen du Santa Katalina elizan, Natibitatearen basilikan.

Aurten, ordea, oso bestela igaroko dira Gabonak inguru horretan. Izan ere, Pierbattista Pizzaballa patriarka (Vatikanoak Lur Santura bidalitako ordezkaria) prozesio solemne batean iritsiko da Betleemera, musikarik eta jai-ekitaldirik gabe, Gazako Zerrendako gerran hildako palestinarrengatik dolua erakutsiz.

Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Gabon mezuan azpimarratu duenez, Gabonetan Gazako Zerrendan su-etena izatea espero du, eta pausoak eman daitezela "Jerusalem hiriburu izango duen estatu independente bat lortzeko bidean".

"Odol ibaiak, sakrifizio izugarriak, zailtasunak eta gure herriak bere lurrarekiko duen erresistentzia heroikoa dira askatasunaren eta duintasunaren bidea", esan du Abbasek, WAFA albiste-agentziak zabaldu duenez.

"Palestinako herriak bere eskubide legitimoak lortzeko borrokarekin jarraitzeko erabakia hartu du, horien artean nagusia, estatu independente eta burujabea izateko eskubidea, non duintasunez bizi ahal izango diren bere aberrian", gaineratu du.

Palestinako presidenteak "Palestinako milaka martiriak" ere omendu ditu, zaurituei lehenbailehen sendatzea opa die, presoak aske uzteko eskatu du, eta Gazan, Zisjordanian, Jerusalemen eta diasporan bizi den herri palestinarra babesteko otoitz egin du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena