Mundua
BAKEAREN NOBEL SARIA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Igande honetan jasoko dute haren senideek Oslon saria. Irango kartzela batean dago Mohammadi, 10 urteko espetxe zigorra betetzen. "Iranekiko estrategia argi eta egonkorra" izateko eskatu dio haren senarrak Mendebaldeari.
Narges Mohammadiren senarra eta seme-alabak gaur, Oslon. Argazkia: EFE
Narges Mohammadi 2023ko Bakearen Nobel saridunak gose greba hasiko du igande honetan, Oslon egingo den sari banaketa ekitaldiarekin bat eginez, bahai gutxiengo erlijiosoak Iranen jasaten duen jazarpenari elkartasuna adierazteko, familiak larunbat honetan iragarri duenez.
Bakearen saria emateko ekitaldiaren bezperan Nobel Institutuan egin ohi den prentsaurrekoan egin dute iragarpena haren senideek.
Mohammadik Irango emakumeen eskubideen alde egindako borrokagatik jasoko du aurten Bakearen Nobel saria. Oslon emandako prentsaurrekoan haren senar Taghi Rahmanik azaldu duenez, erlijio askatasun falta salatzeko hartu du erabakia Mohammadik.
"Diskriminazioa instituzionalizatu egin da Iranen, erregimena teokrazia bat da, kleroak gobernatzen gaitu", nabarmendu du Rahmanik, Ali eta Kiana seme-alabak ondoan zituela. Frantzian bizi dira hirurak, erbesteratuta.
Mendebaldeari Iranekiko estrategia "argi eta egonkorra" izateko eskatu dio, Teherango erregimenaren gaineko presioa "eraginkorra" izan dadin: "Nazioarteak ezaugarri kontraesankorrak ditu. Mendebaldeak demokrazia eta giza eskubideak babesten baditu, estrategia egonkorra eta iraunkorra izan behar du, oraingoa ez da argia, ez da ulergarria, denbora guztian aldatzen ari da", salatu du Rahmanik.
Bahai erlijioa, musulmanek heresiatzat jotzen dutena, XIX. mendean sortu zuen Irango elizgizon xii batek, eta mundu osoko sei milioi pertsonak jarraitzen dute 200 herrialde baino gehiagotan, komunitatearen beraren datuen arabera.
Iranen 300.000 bahai inguru bizi dira gaur egun, eta erregimenaren jazarpen erlijiosoa, espetxeratzea eta exekuzioak jasaten dituzte. Agintariek ukatu egiten dute horrelakorik egitea.
Narges Mohammadi. Argazkia: EFE
10 urteko kartzela zigorra betetzen ari da
Mohammadik hiru eguneko gose greba egin zuen joan den hilean espetxean zaintza medikurik ez dutelako eta belo islamikoa nahitaez jantzi behar dutelako protesta egiteko, ospitale batera joatea ukatu ziotelako hijaba erabiltzeari uko egin ondoren.
51 urteko ekintzaile irandarra hamar urteko kartzela zigorra betetzen ari da Teherango Evin espetxean, "Estatuaren aurkako propaganda zabaltzea" leporatuta, eta urteak daramatza Irango espetxeetan sartu-irtenak egiten.
13 aldiz atxilotu dute, 31 urteko espetxealdia ezarri diote bost zigor batuta eta zartailu batez 154 kolpe jasotzera ere kondenatu dute.
Irango erregimenak Mohammadi askatzeari uko egin dionez, haren aita, senarra eta seme-alabak joango dira Osloko udaletxera hari emandako Bakearen Nobel saria jasotzera.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa