18:54

Mundua

KLIMAREN GOI-BILERA

Osasuna ekintza klimatikoaren erdigunean jartzen duen adierazpena sinatu dute 123 herrialdek COP28 goi-bileran

Agentziak | EITB Media

Klima eta Osasun Adierazpenarekin bat egin dute AEBk, Europar Batasunak eta Japoniak; ez, ordea, munduko bi nazio populatuenek, Txinak eta Indiak. Osasuna babesteko emisioak eta kutsadura murriztu beharra aipatzen du testuak, ez haatik erregai fosilak amaitu beharra.

  • Tedros Adhanom, MOEko zuzendari nagusia, gaur Dubain. EFE.

    Tedros Adhanom, MOEko zuzendari nagusia, gaur Dubain. EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Guztira 123 herrialdek sinatu dute larunbat honetan COP28 goi-bileraren Klimaren eta Osasunaren Adierazpena, osasuna ekintza klimatikoaren erdigunean kokatu duena. Adierazpenean jasotzen da emisioak eta kutsadura murriztu behar direla osasuna babesteko, baina ez du ezer aipatzen erregai fosilez, kutsadura handiena eragiten dutenak horiek izan arren. 

COP28 Dubaiko klimaren goi-bilerako lehendakaritzak bultzatu du adierazpena, Munduko Osasun Erakundearekin (MOE) lankidetzan. Adierazpen horrekin bat egin dute AEBk, Europar Batasunak eta Japoniak, baina ez munduko bi nazio populatuenek, Txinak eta Indiak.

COP28 goi-bileraren lehendakaritzak azaldu du klima-aldaketak osasunean dituen eraginak murrizteko beharrezko izango direla gizarte osoaren ekintzak, "energia-sistemak deskarbonizatzeko ekintza azkarrak eta eskala handikoak barne, datozen 7 urteetan isurketak gutxienez % 43 murrizteko".

Iturri beraren arabera, kutsadurak ia 9 milioi heriotza eragiten ditu urtero, eta 189 milioi pertsona baino gehiago muturreko fenomenoen eraginpean daude.

Goi-bilera klimatiko baten Osasunaren lehen egunaren bezperan eman da argitara adierazpen hau, bultzatzaileek "historikotzat" jo dutena, bidenabar, lehen aldiz onartu delako gobernuek herritarrak babestu behar dituztela eta beren osasun-sistemak prestatu behar dituztela klima-aldaketarekin lotutako osasun-inpaktuei aurre egiteko, hala nola bero-boladei, airearen kutsadurari edo gaixotasun infekziosoei.

"Klima-aldaketaren inpaktuak XXI. mendeko giza osasunerako mehatxu handienetako bat dira. Gobernuek argi ikusi dute osasuna ekintza klimatikoaren funtsezko elementua dela", azaldu du COP28ko presidentea den Al Yaber sultanak, eta, testuak jasotzen duenaren ildotik, "kutsadura emisio globalak murriztu eta gure osasun-sistemak indartzeko elkarrekin lan egin behar dugu", gaineratu du. 

"Krisi klimatikoa osasun-krisia da, baina denbora luzeegian orri bazterreko ohartxo bat baino ez da izan osasuna, klimari buruzko eztabaidetan", Tedros Adhanom MOEko zuzendari nagusiaren arabera. Horren hitzetan, "adierazpen honek azpimarratzen du beharrezkoa dela klimarekiko erresilienteak diren eta karbono-isuri txikiak dituzten osasun-sistemak eraikitzea, planetaren eta pertsonen osasuna babesteko". 

Besteak beste, honako hauek jasotzen ditu adierazpenak: klimaren aurrean erresilienteak diren sistemak eraikitzea, emisioak murrizteko sektoreen arteko lankidetza indartzea, ekintza klimatikoaren osasunerako onurak maximizatzea eta irtenbide klimatikoetarako eta osasunerako finantzaketa handitzea.

Sinatzaileek konpromisoa hartu dute, halaber, beren plan klimatiko nazionaletan osasun-helburuak txertatzeko eta nazioarteko lankidetza hobetzeko, klima-aldaketaren osasunerako arriskuei aurre egiteko, baita etorkizuneko klimaren inguruko goi-bileretan ere.

Erregai fosilen amaiera eskatu dute medikuek

Adierazpena aurrerapauso bat bada ere, ez du jasotzen osasun-komunitatearen eskaera, gobernuek erregai fosilak "modu azkar, bidezko eta parekidean" ezabatzeko konpromisoa har dezaten, "airearen, uraren eta lurzoruaren kalitatea hobetzeko bide bakarra baita, osasun onaren oinarria".

46 milioi osasun-langile baino gehiago ordezkatzen dituzten erakundeek babestutako idazki baten arabera, ezin da pertsona guztien osasuna eta ongizatea bermatu "giro seguru eta egonkorrik gabe". 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena