20:33

Mundua

Gaza, erasopean

Hamasek dio ez duela bahiturik askatuko behin betiko su-etenik ez den bitartean

Agentziak | EITB Media

"Akordioaren bere zatia ez betetzea" leporatu dio Israelek Hamasi, eta emakume guztiak askatzeko eskatu dio, su-etena berriro eztabaidatu aurretik. Hamasek dio emakume eta haur guztiak entregatu dituela, eta Israelek eskatzen dituen ama eta haurrak Israelen bonbardaketen ondorioz hil zirela.

  • Hamasek bahitutako neskato bat osaba besarkatzen, aske geratzean. EFE

    Hamasek bahitutako neskato bat osaba besarkatzen, aske geratzean. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ez da presoen truke gehiago izango Israelek Gazako Zerrendaren gaineko erasoaldia amaitu arte, larunbat arratsaldean Sale al Aruri Hamaseko 'bigarrenak' iragarritakoaren arabera. 

"Orain ez dago negoziaziorik su-eten baterako. Ez da presoen trukerik egongo erasoa amaitu eta behin betiko su-etenik ez den arte", adierazi du Al Arurik Al Yazira telebista kateari egindako adierazpenetan.

"Okupazioak behin eta berriz dio oraindik ere emakumeak eta haurrak ditugula, baina denak entregatu ditugu. Gazan geratzen diren presoak okupazio armadan egon diren soldadu eta zibilak dira, gizonezkoak denak", adierazi du.

Israelgo agintarien arabera, Hamasek 132 lagun dauzka oraindik bizirik bahituta, tartean Ariel eta Kfir Bibas anaiak (4 urtekoa eta 10 hilabetekoa, hurrenez hurren). Shiri Silverman Bibas amarekin (argentinar jatorrikoa) eta Yarden Bibas aitarekin batera bahitu zituzten.

Israelgo Armadako kide Daniel Hagarik atzo gauean esan zuen Hamasek ez zuela bete Bibas familiako ama eta bi haurrak askatzeko konpromisoa.

Hamasek dioenez, ordea, hiru pertsona horiek Israelen bonbardaketen ondorioz hil ziren, eta gorpuak entregatzea eskaini zuen, baina Israelek ez zuen eskaintza onartu.

Hamasek Zisjordanian duen buruzagi Al Aruriren hitzetan, "gure preso sionistak ez dituzte askatuko gure preso guztiak aske izan eta su-etena izan arte". "Erresistentzia prest dago Israelgo agertoki militar guztietarako, lurreko, aireko edo bestelako gerra izan", azpimarratu du.

Israel negoziazio mahatik altxatu da

Israelek iragarri du erretiratu egingo dituela Qatarko hiriburuan, Dohan, eztabaiatzen ari zen negoziatzaile taldea, Hamasekiko elkarrizketak ez aurrera ez atzera gelditu direla ikusirik. 

"Elkarrizketen blokeoa eta Benjamin Netanyahu lehen ministroaren jarraibideak direla eta, Mossad Israelgo inteligentzia zerbitzuko buru David Barneak Israelera itzultzeko agindu dio Dohako bere taldeari", jakinarazi du Israelgo Lehen Ministroaren Bulegoak Walla Israelgo albiste atarian jasotako ohar batean.

Agiri horretan, trukearen inguruko "akordioaren bere zatia ez betetzea" leporatu dio Hamas mugimenduari. "Hamasi bidali zitzaion zerrenda batean agertzen ziren emakume eta haur guztiak askatzea jasotzen zuen" akordioak, eta "Hamasek onartu egin zuen", azaldu du. 

Israelgo iturri ofizialek Walla atariari adierazi diotenez, oztopo nagusia emakumeak ez askatzea izan da. "Ez dugu planari buruz ezer eztabaidatuko emakumeak askatu arte. Hamasek akordioa onartzen badu eta emakumeak askatzen baditu, posible izango da negoziazioei berrekitea", jakinarazi dute.

Qatarrek, Egiptok eta Ameriketako Estatu Batuek negoziatutako eta azaroaren 24tik 30era iraun duen su-etena ostiral goizean hautsi zuten Israelek eta Hamasek.

Su-etena indarrean izan zen bitartean, talde islamistak 105 lagun askatu ditu (81 israeldar eta 24 atzerritar), Israelgo kartzeletan preso zeuden 240 palestinarren truke. Halaber, meniak Gazako Zerrenda suntsituan laguntza humanitarioa sartzea ahalbidetu zuen.

Gerra urriaren 7an piztu zen, Hamasek Israelera milaka kohete jaurti, 1.200 bat pertsona hil eta 240 bahitu zituztenean, 3.000 miliziano infiltratu ondoren. Ordutik, airez, lurrez eta itsasoz erasoaldi gupidagabea du martxan Israelek, eta 15.000 palestinar baino gehiago hil ditu. Gainera, 6.000 pertsona inguru omen daude hondakinen azpian, eta bi milioi desplazatu krisi humanitario larrian bizi dira.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena