Mundua
Gaza erasopean
AGENTZIAK | EITB MEDIA
50.000 emakume inguru daude haurdun Gazako Zerrendan, eta egunean 160 ume jaiotzen dira "baldintza oso latzetan".
Emakume palestinar bat, bere seme-alabekin. Argazkia: EFE
Gazako andreek azalean bizi dute indarkeria, ez soilik Israelen eta Hamasen arteko gatazkatik eratorritakoa, emakume izate hutsagatik jasaten dutena baizik. Kalean erditzera zigortu dituzte, ez dute produktu menstrualik eta haien bularreko haurrei eragiten dien desnutrizioaren biktima dira.
Gisa horretara irudikatu du Gazako Zerrendako agertokia Raquel Martik, NBEk Palestinako errefuxiatuentzat duen agentzian batzorde espainiarraren zuzendari exekutibo denak.
"Ospitaleek ezin dituzte pazienteak artatu, jendez gainezka daudelako, eta horrek emakumeen eta haurren osasun zerbitzuetan arrakala larria sortu du. Emakumeen osasunarekin lotutako larrialdiko arreta, jaioberrien arreta eta sexu zein ugalketako osasuna bazter utzi dituzte", ohartarazi du Martik.
Haren hitzetan, 50.000 andre inguru daude haurdun Gazako Zerrendan, eta egunean 160 ume jaiotzen dira "baldintza oso latzetan".
"Emakume horietako asko ezin dira erietxera iritsi, eta babeslekuetan, beteta dauden ospitaleetan, etxean edo hondakin artean erditzen dira, inolako arretarik gabe", esan du, eta salatu, geroz eta baldintza "kaskarragoak" dituztela, eta infekzioak harrapatzeko nahiz arazo larriagoak edukitzeko arrisku handia dutela, "baliabide eskasiagatik".
Zerrendan gerra piztu zenetik, emakume eta ume asko ari dira gaztakaren albo kalteak pairatzen. Urriaren 7az geroztik, 15.000 lagun hil dituzte; tartean, 6.150 adingabe eta 4.000 emakume, Hamasen Gobernuak berri eman duenez.
Istiluek, gainera, ondorio zuzenak dituzte emakumeen buruko osasunean, "muturreko egoeran" baitaude, handik irtetera behartuta ikusi baitira eta senitartekoen (adinekoak, gaixorik dauden pertsonak eta umeak) zaintzaz arduratu behar direlako.
Genero indarkeria kasu gehiago daude
Raquel Martik erreparatu du, halaber, aterpetxeetako eta ostatutetako jende pilaketek tentsioa areagotu dutela familietan, eta horrek genero indarkeria haztea ekar lezakeela.
Nolanahi dela, gaur-gaurkoz, Gazako Zerrendan ez dago indarkeriaren biktimak artatzeko gobernuz kanpoko erakunderik, ezta elkarterik edo ospitalerik ere.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa