17:03

Mundua

Su-etena Gazan

Hamasek 24 bahituko lehen taldea askatu du, eta Israelek 39 preso

Agentziak | EITB MEDIA

Rafahko mugako pasagunetik atera dira, 10 gatibu thailandiarrekin eta filipinar batekin batera, akordioaren parte gisa. Bestalde, Israelek 39 preso palestinar askatu ditu trukean.

0:41
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelek eta Hamasek arrakastaz amaitu dute ostiral honetan preso palestinarren eta bahituen arteko lehen trukea. Akordio baten baitan, Gazako Zerrendan hitzartutako su-etenaren lau egunetan, talde islamistak bahitutako 50 lagun askatzea adostu dute, 150 preso palestinar aske uztearen truke.

Lehenengo txanda honetan, 13 gatibu israeldar askatu ditu Hamasek, urriaren 7an bahitutako 240 pertsonetako batzuk, eta Israelera itzuli dira. Talde islamistak Gurutze Gorriaren esku utzi ditu Gazako Zerrendan, eta erakunde horrek Egiptora eraman ditu Rafahko pasagunetik. Sei adineko emakume, hiru emakume, hiru neskato (2, 4 eta 5 urtekoak) eta 9 urteko mutiko bat daude askatuen artean.

Egipton, Israelgo segurtasun-zerbitzuen esku utzi dituzte, eta Kerem Shalomeko pasagunetik eraman dituzte Israelera. Bertan, medikuek azterketa egin diete, helikopteroz hainbat ospitaletara eraman aurretik.

Antza denez, Iran bitartekari izan omen duen akordio paralelo baten ondorioz, Hamasek israeldarrak ez diren beste hamaika gatibu askatu ditu, hamar thailandiar eta filipinar bat, eta Gurutze Gorriak Gazako Zerrendatik atera eta Israelgo agintarien esku utzi ditu horiek ere.

Horren truke, Israelek 39 preso palestinar askatu ditu, 24 emakume eta 15 nerabe. Israelgo iturrien arabera, terrorismoa leporatuta atxilotu zituzten, baina ez dute odol-deliturik.

Ordu batzuk lehenago, Jerusalemdik gertu dagoen Ofer kartzelan elkartu dituzte eta handik Beitunia herrira eraman ditu Gurutze Gorriak, okupatutako Zisjordaniara. Han, senideak eta 200 bat palestinar zain izan dituzte, kartzelatik atera izana ospatzeko. Batzuek 8 urte eman dituzte preso.

Palestinako Presoen Elkartearen arabera, Israelek 3.100 lagun baino gehiago atxilotu ditu urriaren 7an Gazan gerra hasi zenetik, baina Israelgo Armadak 1.800 ingurura murriztu du kopuru hori, eta horietatik mila baino gehiago "Hamasekin loturak izateagatik" atxilotu dituztela esan du.

Bestalde, Wafa Palestinako albiste-agentziaren arabera, 7.500 palestinar daude Israelgo espetxeetan, 72 emakume eta 250 adingabe tartean.

Datozen hiru egunetan operazio bera errepikatzea espero da, antzeko proportzioetan, Israelek eta Hamasek aste honetan lortutako akordioa osatzeko.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena