Mundua
Gaza, erasopean
Agentziak | EITB MEDIA
Menia 07:00etan (05:00 GMT) hasi da ofizialki. Arratsaldean, Hamasek bahituta dituen 13 emakume eta haur askatuko dituzte, eta trukean, 39 preso palestinar utziko ditu libre Israelek. Laguntza humanitarioa daramaten lehen kamioiak hasi dira Zerrendan sartzen.
Albisteak (3)
Ofizialki, isildu dira bonbak. Gazako Zerrendan 07:00ak (05:00 GMT) zirenean abiatu da su-etena. Adostutakoaren arabera, meniak lau egun iraungo du (10 egunera luza daiteke), betiere aldeek hitzartutako konpromisoak betetzen badituzte.
Hamasek bahituta dituen 13 emakume askatuko dituzte 16:00etatik aurrera (14:00 GMT). Ondoren, denak ondo daudela ziurtatu ostean, Israelek 39 preso palestinar utziko ditu libre.
"Lehentasuna izan da bahituak lehenestea, eta, ikuspegi humanitario batetik, emakumeak eta haurrak ahalik eta azkarren arriskutik kanpo jartzean zentratu gara", ziurtatu du Majed al Ansari Qatarko bozeramaileak, bi aldeen "positibismoa eta konpromisoa" ikusi ondoren.
Israelek gogor bonbardatu du Gaza, meniaren atarian
Su-etena indarrean sartu baino lehen, bart, eraso gogorrak egin ditu Israelek. Armadak ohar baten bidez azaldu duenez, "goizaldean Al Shifa ospitalean tunel terrorista bat suntsitu dute gure tropek". Erietxearen azpian Hamasek operazioetarako gunea zuela dio Tel Avivek.
Gainera, Indonesia Ospitalean sartu dira militarrak, eta zaurituta zegoen emakume bat hil dute eta hiru pertsona zauritu eta beste hiru atxilotu dituzte. Aurrez, Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi du ospitalea "bortizki bonbardatzen" ari zirela, barruan 200 gaixo eta osasun langile zeuden arren.
Bestalde, Gaza erdialdean, Israelgo hegazkinek Nuseirat errefuxiatu eremuko etxebizitza bati eraso diote, eta hainbat lagun hil dituzte, adingabeak tartean. Amad Azuhd kazetaria eta haren familia ere hil dituzte bere etxearen kontrako eraso batean.
Azkenik, Palestinako erreskate taldeek 10 gorpu errekuperatu dituzte Gaza iparraldean, Jabaliako hiriaren etxebizitza baten hondakinen artetik.
Hainbat palestinar gorpuen bila Israelek bonbardatutako eraikin batean, Khan Yunisen. EFE
Bahitu eta presoen arteko trukea eta kamioiak
Akordioa Qatarren, Egiptoren eta AEBren bitartekaritzarekin lortu da Doha hiriburuan egindako negoziazioen ondorioz, eta su-etena 10 egunera arte luzatu ahal izatea aurreikusten du. Horri esker, Hamasek 150 bahitu entregatuko ditu, gatibu dituen 240 pertsonen artean, eta Israelek 300 palestinar askatuko ditu.
Gaurko trukean, Hamasek bahitutako 13 pertsona askatuko dituzte, eta Israelek preso dituen 39 pertsona utziko ditu libre. Preso Palestinarrak taldeak gaur eman du horien izen-abizenak: 24 emakume eta 15 mutil (adingabeak) dira. Terrorismoa egotzita sartu zituzten kartzelan, baina ez dute odol deliturik.
Israelgo Gobernuak baieztatu egin du datozen lau egunetan askatuko dituzten gatibuen izenak jasotzen dituen "atariko zerrenda" jaso duela. "Funtzionarioek zerrendaren xehetasunak egiaztatuko dituzte eta familiekin harremanetan daude", adierazi du lehen ministroaren bulegoak.
Bestalde, Hamasek baieztatu du laguntza humanitarioa, elikagaiak eta botikak daramatzaten 200 kamioi sartuko direla gaurtik aurrera egunero Zerrendan.
Egiptoko iturriek jakinarazi dutenez, gaurko lehen 60 kamioiak hasi dira Zerrendan sartzen Rafahko pasabidetik. Bestalde, 17 anbulantzia gatazka gunera sartzeko zain daude.
Relief trucks enter the #Gaza Strip through the Rafah crossing as the humanitarian pause goes into force. #QNA #Palestine pic.twitter.com/hs6L6e8Qqc
— Qatar News Agency (@QNAEnglish) November 24, 2023
Era berean, Diaa Rashwan Qatarko Informazio Estatalerako Zerbitzuko zuzendariak erantsi duenez, egunero 130.000 litro erregai eta gasez betetako lau kamioi sartuko dira Zerrendan. Erregaia ezinbestekoa da argindarra bermatzeko.
"Barealdi laburra", ekaitzaren erdian
Meniak lasaitasun puntu bat ekarriko du suntsitutako eremuan; bere historiako hondamendi humanitario larrienean murgilduta dago, eta dagoeneko 14.500 pertsona baino gehiago hil dira bertan, horien % 70etik gora haurrak eta emakumeak. Gainera, 6.800 baino gehiago desagertuta daude kale eta errepideetan botatako hondakinen artean. Hartara, hildakoen kopurua handiagoa izan daiteke, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
Operazio militarrak erabat eteteaz gain, Israelek drone bidezko aire-zaintza egunean sei orduz eteteko konpromisoa hartu du Zerrendaren iparraldean, eta egun osoan, hegoaldean.
Gainera, Gurutze Gorria enklabean sartu ahal izango da lehen txandan askatuko ez dituzten bahituei (soldaduak eta gizonezko zibilak gehienak) osasun arreta emateko. Hala ere, gorpuak entregatzea ez da aurreikusi akordio honetan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa