Mundua
Gaza, erasopean
EITB Media
Gaur goizerako zegoen iragarrita bi aldeen arteko su-etena, baina Tzachi Hanegbi Israelgo Segurtasun Nazionalerako aholkulariak egun bat atzeratuko dela ziurtatu du. Bestalde, bitartekari lanak egin ditu Qatarrek adierazi du menia "datozen orduetan" sartuko dela indarrean.
Israelgo Armadak egindako bonbardaketen arrastoa, Gazan. Argazkia: EFE
Dena itxita zegoela zirudienean, Israelek iragarri du bihar arte ez dituztela Hamasen bahitutakoak askatuko. Gaur, 10:00etan (08:00etan, Euskal Herrian), zen indarrean sartzekoa Israel eta Hamasen arteko lehen su-etena, baina Israelgo hainbat buruzagik atzerapenarekin hasiko dela nabarmendu dute.
"Bahitutakoak askatzeko negoziazioak aurrera doaz", adierazi du Tzachi Hanegbi Israelgo Segurtasun Nazionalerako aholkulariak Netanyahuren bulegoak zabaldutako ohar batean.
Haaretz egunkariak jasotako ohar horren arabera, adostutako baldintzetan askatuko dituzte bahitutakoak, betiere ostiraletik aurrera.
Halaber, menia lortzeko bitartekari lanak egin dituen Qatarren arabera, su-etena "datozen orduetan" sartuko da indarrean. QNA Gazako albiste agentziari bidalitako ohar batean, Majid bin Mohamed al Ansari Qatarreko Atzerri Ministerioaren bozeramaileak azpimarratu du meniaren xehetasunak lotzeko negoziazioak "ondo bidean" doaz.
Qatar bera, Egipto eta AEB ibili dira bi aldeen arteko su-etena negoziatzen. Doharen arabera, hirurek lanean jarraitzen dute menia "berehala has dadin bermatzeko", eta bi aldeek adostutakoa betetzen dutela egiaztatzeko.
Israelen eta Hamasen arteko akordioaren gakoak
Aurreikusitakoaren arabera, su-etenak 10 egunez egon behar zuen aktibo. "Etenaldi humanitarioak" nolabaiteko arintzea ekarri behar zien Zerrendako herritarrei, baina baita Hamasek eta beste milizia islamista batzuek bahitutako 240 pertsona baino gehiagoren senideei ere. Dagoeneko 14.500 gazatar baino gehiago hil dituzte Israelen bonbardaketek, eta beste 6.800 hondakinen azpian edo kaleetan botata daudela uste da.
"Ongietorria ematen diegu etxera itzultzen diren bahitu guztiei, baina gure eskaria ez da aldatzen: gatibu guztiak berehala askatzea", adierazi zuen atzo bahituen familiak biltzen dituen taldeak. Azken asteetan mobilizazioak areagotu dituzte Benjamin Netanyahuren Gobernuari presioa egiteko, negoziazio baten alde.
Israelgo Gobernuak eta Hamaseko onartutako akordioaren arabera, lehen fasean Hamasek 50 bahitu askatuko ditu, guztiak emakumeak eta haurrak; eta Israelera itzulitakoan (Egiptotik iritsiko dira, Rafaheko bidegurutzetik Zerrendatik aterako baitira), Israelgo agintariek 150 preso palestinar askatuko dituzte, guztiak emakumeak eta adingabeak ere.
Antza denez, eguneko 12 bahituko txandetan entregatuko dira, hitzartutako su-etenaren lau egunetan. Horietan zehar, aldeek konpromisoa hartu dute erasoaldi guztiak erabat eteteko lurralde osoan, lehorrekoak zein airekoak.
Aldeek baldintzak betetzen badituzte, su-etena gehienez hamar egunez luzatu ahal izango da, eta Hamasek 150 bahitu askatuko ditu, 300 preso palestinarren truke, odol deliturik ez badute. Israelgo Justizia Ministerioak dagoeneko argitaratu du trukean aske gera daitezkeen 300 presoen zerrenda.
Hondeamakina batek Khan Youniseko hilerrian 111 palestinarren gorpuak lurperatu ditu asteazken honetan. Argazkia: EFE
Hala ere, aldi baterako su-etenaren aldeko akordioak ez du esan nahi gerra amaituko denik, bi aldeek azpimarratu dutenez. Benjamin Netanyahu lehen ministroak esan zuen borrokaldiak ez direla etengo Hamasen gaitasun militarrak "erabat suntsitu" arte.
Era berean, su-etenak "Zerrendako zauriak arintzeko eta sendatzeko aukera" ematen duela nabarmendu du Hamasek, baina "erresistentziaren borondatea sendotzen" duela, "etsai sionistaren" aurka borrokatzen jarraitzeko.
Akordioak aurreikusten du, halaber, Zerrendan elikagai eta laguntza medikoarekin 100 eta 300 kamioi artean sartzea, bai eta erregaia ere, funtsezkoa baita hornidura elektrikorako eta ospitaleen funtzionamendurako; izan ere, guztiak zerbitzutik kanpo geratu dira lurraldearen iparraldean, Israelen erasoen ondorioz.
Israelgo Armadak konpromisoa hartu du egunero sei orduz droneekin eta hegazkinekin Gazaren gainetik hegan egiteari uzteko, su-etena indarrean dagoen bitartean, Hamasi beste talde armatu batzuen, hala nola, Jihad Islamikoaren esku dauden bahituak aurkitzeko aukera emateko.
Gazako Zerrendako Osasun Ministerioak su-etena zaurituak ebakuatzeko eta ospitaleetara laguntza humanitarioa eta erregaia iristeko aprobetxatzeko eskatu die gatazkako alde guztiei.
Bestalde, Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari nagusiak uste du su-etena "ez dela nahikoa" Gazako Zerrendako zibilen sufrimenduari amaiera emateko. Errefuxiatuentzako Norvegiako Kontseilua (NRC) gobernuz kanpoko erakundeak ere ohartarazi du ez dela "nahikoa", eta su-etena "premiazkoa eta iraunkorra" izatearen alde agertu da. Azkenik, Rosemary DiCarlo Nazio Batuen Erakundeko Gai Politikoetarako buruak su-etenaren balorazioa egin du, "baina askoz gehiago" egin behar dela erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa