17:38

Mundua

Gaza, erasopean

Israelek UNRWAren errefuxiatuen eskola bati eraso dio dozenaka hildako eta zauritu utziz

Agentziak | EITB Media

Laguntza humanitarioaren eta telekomunikazioen etenaldia Gazan, erregai faltagatik. NBEk jakinarazi du gaurtik aurrera 60.000 litro erregai sartzen utziko duela Israelek Egiptoko pasabidetik. Bien bitartean, Israelgo Armadak Al Shifa ospitalea jendez husteko ultimatuma eman du.

0:43
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Enegarrenez, UNRAWA Nazio Batuek Palestinako Errefuxiatuentzako duen Agentziak kudeatutako eskola bati eraso dio Israelek Gazan eta dozenaka pertsona hil ditu, eta beste hainbeste zauritu, Palestinako Wafa albiste agentzia ofizialak jakinarazi duenez. 

"Gazako Zerrendako iparraldean milaka desplazatu hartzen dituen UNRWAko beste eskola batean hildako eta zauritutako dozenaka pertsonaren irudi eta bideo izugarriak jasotzen ari gara", adierazi du Philippe Lazzarini UNRWAko komisionatu nagusiak X sare sozialean. 

Erasoa Al Yabalia errefuxiatu-esparruan dagoen Al Fajura eskolaren aurkakoa izan da. Hain zuzen ere, Al Yabaliako eremua berehala ebakuatzea eskatu du gaur Israelgo Armadak eta hainbat orduko leihoa eskaini die bertako biztanleei, Gazako (Zerrendaren iparraldean) eremu hori eta beste bi uzteko.

WAFAk aipatutako iturri medikoen arabera, Indonesiako ospitaleak dozenaka gorpu jaso ditu eraso horren ondorioz, gehienak haurrak eta emakumeak.

Laguntza humanitarioaren eta telekomunikazioen etena, erregai faltagatik

Laguntza humanitarioaren banaketa eta telekonomunikazioak, Gazaren egoeraren berri izateko beharrezkoak direnak, etenda egon dira azken 24 orduetan erregai faltagatik Gazako Zerrendan, Nazio Batuen Erakundeak egunero kaleratzen duen txostenaren arabera.

NBEren Gai Humanitarioak Koordinatzeko Bulegoak azpimarratu du telekomunikazioen etenaldi horren ondorioz ezin izan dutela eguneratu Zerrendaren egoerari buruzko informazioa. Gerra hasi zenetik izan den laugarren etenaldia da, baina erregai faltak eragiten duen lehenengoa da.

Gainera, hirugarren egunez jarraian, ez da hornidura humanitariorik sartu, erregai faltak galarazi egiten duelako laguntza hori iristea eta banatzea, eta telekomunikazioen etenaldiak banaketaren koordinazioa eragozten duelako, UNRWA Palestinako Errefuxiatuei laguntzeko Agentziaren esanetan.

Hain zuzen ere, NBEren Elikagaien Mundu Egitasmoak ohartarazi du deshidratazio eta malnutrizio kasuak ugaritu egin direla, eta benetako arriskua dagoela gosete bat izateko elikagaiak ez badira Rafahko pasabidetik Gazan sartzen.

Aldi berean, UNRWAk jakinarazi du Israelgo Armadak bihar aurrera Gazan egunero 60.000 litro erregai sartzen utziko duela, eta horrekin operazio humanitarioen herena egin ahal izatea espero dute.

Ospitaleetako energia sorgailuak hornitzeko ere erabili nahi dute erregaia, argindar gabeziaren ondorioz lau ebakuntzatik hiru bertan behera uzten ari baitira.

Norte de Gaza. Foto: Efe

Gaza iparraldea. Argazkia: Efe

Al Shifa ospitalea jendez husteko ultimatuma

Israelgo Armadak ordubeteko epea eman die Al Shifako mediku, gaixo eta desplazatuei ospitalea utz dezaten, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez.

Adnan al Bursh Ortopedia Departamentuko buruak esan du ohartarazpen horrek "izua" zabaldu duela zentroaren barruan, baina argitu du ez dutela zentrotik alde egingo gaixoak atzean utzita.

Bestalde, Munir al Bursh Gazako Osasun zuzendari nagusiak salatu du Israelgo tropek gorpuak eraman dituztela ospitaletik eta inguruan eraiki zuten hilerritik.

Israelgo Armadak uste du Al Shifaren azpian Hamasen aginte zentroa dagoela eta, horregatik, helburu militarra dela.

16.000 hildako

Israelgo Armadak 16.000 pertsonatik gora (herena baino gehiago adingabeak) hil ditu Gazako Zerrendan Hamasen aurkako erasoaldia hasi zuenetik. Gazako Osasun Ministerioak egunak zeramatzan kopurua gaurkotu gabe, borrokaldi gogorren eta ospitaleetako muturreko egoeraren ondorioz.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena