Mundua
Gaza, erasopean
Agentziak | EITB Media
57 herrialde arabiarretako eta gehiengo musulmaneko estatuburuak ekintzara pasatzeko eta urrats zehatzak emateko asmoa bateratu dute larunbat honetan Riaden egindako larrialdiko goi-bileran, Israelen jokabidearen aurrean Mendebaldeak beste neurri bat erabiltzen duela salatu dute.
Riadeko goi-bilera hasi aurreko familia argazkia. EFE.
Gazako Zerrendako gerraren amaiera, laguntza humanitarioa areagotzea eta Israelek bere "krimen masiboengatik" kontuak emango dituela bermatzea izan dira larunbat honetan Riaden izandako premiazko goi-bileran 57 herrialde arabiarretako eta gehiengo musulmaneko estatuburuek bilera amaierako dokumentuan jaso dituzten eskaerak.
Israelek Gazaren aurka egindako "zigor kolektiboa" ikusita, Mendebaldeko herriak "isilik geratu dira" edota "beste neurri bat erabili dute" erasoaldi hori salatzeko orduan, horien iritzian, eta urriaren 7tik Israelek 11.000 gazatar hil dituela eta ingurua hondamendi humanitario batean murgildu duela salatu dute.
Etsipen hitzak izan dira nagusi bileran, eta erantzuteko eta urrats zehatzak emateko ordua dela ebatzi dute. Hasteko, gerrari amaiera emateko ebazpen lotesle bat premiaz emateko eskatu diote NBEko Segurtasun Kontseiluari.
Israelek kontuak eman behar ditu
Urriaren 7an Hamasek Israelen 1.200 hildako utzi zituen erasoen ostean hasitako gerra "autodefentsa" edo "edozein aitzakiarekin justifikatutako erantzuna" izatea salatu dute goi-bileran parte hartu duten herrialdeek.
Halaber, Nazioarteko Zigor Gorteko fiskal nagusiari eskatu diote Israel, Gazan ez ezik, "okupatutako lurralde osoan" egiten ari den "gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko". Mendebaldeari, berriz, Israelera "armak esportatzeari uzteko" eskatu diote.
Ildo horretan, Gazaren eta Libanoko hegoaldearen aurka fosforo zuria erabili duten ikertzeko eskatu dute, eta Israelek omen duen armategi nuklearrari buruzko ikerketa bat egitea. Izan ere, arma nuklearren kontuak alarmak piztu ditu, Israelgo ministro batek Gazan eraso nuklear bat egiteko aukera iradoki ostean.
Edonola ere, gerraren amaierak ez luke gatazka enkistatu honen amaiera ekarriko, mende erdi baino gehiagoko okupazio israeldarrak eta Gazako Zerrendaren gaineko ia bi hamarkadako blokeoak okertu egin baitute. Ez alferrik, azken gerra hau hasi aurretik ere, Nazio Batuen Erakundeak esan zuen Gaza munduko aire zabaleko kartzelarik handiena dela.
Estatu palestinar independentea
Azken adierazpenean jasotzen denez, bakerako bide bakarra Jerusalem ekialdea hiriburu izango duen estatu palestinar independente bat sortzea da. Horixe da, hain zuzen ere, nazioartean adostasun gehien biltzen duen irtenbidea, baina urteen poderioz ahaztuta geratu da.
"Baieztatzen dugu ez Israelek ez eskualdeko herrialdeek ez dutela segurtasunik eta bakerik izango palestinarrek segurtasun eta bakerik ez duten bitartean eta ukatu zaizkien eskubide guztiak berreskuratzen ez dituzten artean", ohartarazi dute azken komunikatuan.
Helburu horrekin, "ahalik eta lasterren" nazioarteko bake konferentzia bat deitzeko eskaria ere jaso dute dokumentuan, "nazioarteko legedian oinarritutako prozesu sinesgarri bat" abiarazteko, "Israelek lurralde palestinarraren okupazioari" amaiera eman diezaion.
Herrialde horiek ados daude puntu garrantzitsu batean: denek ere Israeli leporatzen diote "gatazkak jarraitu eta areagotu izanaren ardura". Halaber, lurralde palestinarren okupazioa "eskualdeko eta nazioarteko segurtasunerako eta egonkortasunerako mehatxutzat" jo dute.
Riadeko goi-bilera. EFE.
Liderren hitzartzeak
Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoak eman dio hasiera goi-bilerari, Gazako Zerrendako "hondamendi humanitarioa" gelditzeko su-etena eskatuz. Horrez gain, preso eta gatibu guztiak askatzeko eta Gazako operazio militarrak "berehala eteteko" eskatu du. Habaler, setioari amaiera emateko eta laguntza humanitarioa sartzea errazteko adostasunak eskatu ditu.
Mahmud Abbas Palestinako presidenteak "nazioartearen babesa" eskatu du Palestinako herriarentzat, Israelgo Indar Armatuek eta kolonoek Gazako Zerrendan eta Zisjordanian egiten ari diren erasoen aurrean. Hala, NBEko Segurtasun Kontseiluari "erantzukizunak bere gain hartzeko eta Israelek Gazan eta Palestinako gainerako herrialdeetan egindako erasoaldi bortitza berehala amaitzeko" eskatu dio. "Herri palestinarrak nazioartearen babesa behar du", azpimarratu du. Buruzagi palestinarrak "gure jendea Gazatik edo Zisjordaniatik kanporatzeko saiakerak" salatu ditu, eta Israelek laguntza humanitarioa baimendu dezan presioa egiteko eskatu du.
AEBko Gobernuari zuzenduta, "Israelen erasoari, okupazioari eta gure leku sakratuen profanazioei" amaiera emateko eskatu dio Abbasek.
Gatazkaren konponbideari dagokionez, Abbasek nabarmendu duenez, "ez dago irtenbide militar onargarririk", "guztiek porrot egin dutelako", eta Israelek "kokalekuak, anexioak, garbiketa etnikoa eta arraza-bereizkeria" egiteko erabiltzen duen politika aipatu ditu. Horregatik, NBEko Segurtasun Kontseiluak NBEko eskubide osoko kidetzat aitortu beharko lukeen estatu palestinar bat aurreikusten duen konponbidea litzateke bide bakarra, Abbasen hitzetan.
Abdelfata al Sisi Egiptoko presidenteak azpimarratu du su-etena "baldintzarik gabekoa" izan behar dela, eta palestinarren aurkako "zigor kolektiboa" salatu du; izan ere, "ezin da defentsa propio gisa justifikatu". Gatazka inguruko herrialdeetara zabaltzeko arriskuaz ere ohartarazi du.
Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak nazioarteko bake konferentzia bat egitearen alde egin du, Israelen eta palestinarren arteko gatazkari irtenbide iraunkorra emateko. "Israel mendekatzen ari da, Gazako haurrak eta emakumeak erabiliz", esan du Erdoganek, eta berehalako su-eten baterako deia berretsi du. "Gazan ez ditugu ordu batzuetako etenaldiak behar, su-eten iraunkorra behar dugu", argitu du.
Tamim bin Hamad al Zani Qatarko emirrak Israeli Nazioarteko Zuzenbidearen legeen gainetik balego bezala jokatzen uztea leporatu dio munduari. "Nola egin diezaiekete eraso ospitaleei, eta munduak isilik jarraitu?", deitoratu du. Hala, NBEko ikerketa talde bat bidaltzeko eskatu du, Gazako Zerrendan gertatzen ari dena argitzeko, ospitaleetan gertatutakoa barne. Laguntza humanitarioari dagokionez, Al Zanik Israelen "xantaia" salatu du.
Abdala II.a Jordaniako erregeak gogora ekarri du Palestinako herriak "duela zazpi hamarkadatik" pairatzen duen "bidegabekeria", eta korridore humanitarioak eskatu ditu elikagaiak sartzeko.
Ildo beretik, Philippe Lazzarini UNRWA Palestinar Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundeko Agentziaren ordezkari nagusiak akordio bat eskatu du Riaden, laguntza humanitarioa Gazan sartzea eskatzeko, eta "ekintza indartsuagoak" egiteko eskatu die agintari arabiar eta musulmanei. "Ziur nago zuetako askok eragina izan dezakezuela ekintza zehatzak egon daitezen. Ahalegin denak dira beharrezko", esan du Lazzarinik.
Ebrahim Raisi Irango presidenteak beste buruzagi musulman batzuekin bat egin du su-etena eta Gazako Zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko baimena eskatzeko, eta azpimarratu du herrialde musulmanek palestinarrak armatu beharko dituztela, Israelek Gazari eraso egiten jarraitzen badu. Era berean, Israeli boikot ekonomikoa eta energetikoa egiteko deia egin du, Gazaren aurkako bonbardaketak "historian ikusi diren krimenik handienak" direlako.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa