20:48

Mundua

Gaza erasopean

Al-Shifa ospitalean bi haur jaioberri hil dira inkubagailuak martxan edukitzeko argindar faltagatik

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Israelgo Armadak Gazako lau ospitale handiak guztiz inguratu ditu, NBEren arabera. Mugarik Gabeko Medikuak elkartearen hitzetan, "Al Shifa ospitaletik ihes egiten saiatzen diren herritarrei tiro egiten ari dira".

0:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gaza Hiriko Al Shifa ospitaleko inkubagailuetan zituzten bi haur goiztiar hil dira azken orduetan, argindar faltagatik, Israelek Zerrendaren kontra egindako erasoaldian ezarritako blokeoaren ondorioz. Ospitalea borroka guneetako bat da.

"Elektrizitate faltaren ondorioz, jaioberrien zainketa intentsiboetako unitateak funtzionatzeari utzi diola baieztatu dezakegu. Bi haur goiztiar hil dira eta beste 37 arriskuan daude", Human Rights Israelgo gobernuz kanpoko erakundeak zabaldutakoaren arabera.

Agintari gazatarrek larunbat honetan salatu dute ospitalea argindarrik gabe dagoela jada erregai faltagatik, eta Muhamad Abu Salmiya ospitaleko zuzendariak Al Jaziran egindako elkarrizketa batean baieztatu du azken orduetan, bi haurtxoez gain, zainketa intentsiboetan zegoen gazte bat ere hil dela argindar faltagatik.

Israelek larunbat arratsaldean esan du igandean zaintza intentsiboetan dauden haurtxoak ebakuatzen lagunduko duela. 

Ospitaleak soldaduz inguratuta

Nazio Batuen Erakundeak larunbat honetan baieztatu duenez, Israelgo Armadak guztiz inguratu ditu Gaza iparraldeko lau ospitale handiak. Elkarte humanitarioen esanetan, Israel etengabe ari da ospitaleen aurka bonbardaketak egiten. "Gaixoak, haurrak eta zibilak daude ospitaleetan, horietariko asko babes bila. Inguruetan eta ospitaleen aurka gerra egitea irain handia da", salatu du Errefuxiatuentzako Norvegiako Batzordea giza elkarteak.

Israelen arabera, ospitaleetako azpiegiturak eta zibilak giza ezkutu bezala erabiltzen ari da Hamas, baina Errefuxiatuentzako Norvegiako Batzordeak esan du hori Israelek frogatu behar duela, eta orain arte ez duela egin. Dena den, printzipio humanitarioak errespetatu beharko lituzke Israelek, eta zibilei ez dietela kalte egiten ziurtatu, elkarte horren iritzian.

"Jasanezina da Gazako ospitaleak pairatzen ari diren suntsipena, eta bertan behera gelditu beharko litzateke, umeen ospitalea ere ez baita indarkeriaz libratu", salatu du Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak.

"Gu hiltzen ari dira. Egin zeozer, mesedez!"

Bestalde, Al Shifa Gazako ospitale handienean lanean ari den Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko langileek laguntza eskatu dute. "Gu hiltzen ari dira. Egin zeozer, mesedez!", esan du ospitale horretako soto batean gaixoekin eta zibilekin giltzapetutako mediku batek, sare sozialen bidez zabaldutako mezu batean.

Mugarik Gabeko Medikuak elkartearen hitzetan, "Al Shifa ospitaletik ihes egiten saiatzen diren herritarrei tiro egiten ari dira".

Bestalde, Israelgo Armadak ukatu egin du Al Shifako ospitalea setiatu izana, eta Hamaseko milizianoekin ospitaletik gertu egindako borrokaldiak baino ez direla esan du.

Israelgo Armadak Gazan abiatutako ofentsibak 11.000 hildako eta 25.000 zauritu baino gehiago eragin ditu 35 egunetan, Nazio Batuen datuen arabera.

Gazte bat hil dute Zisjordanian

Israelgo Armadak gazte palestinar bat hil du gaur Arraban, Yenin hiritik gertu dagoen herri batean, okupatutako Zisjordania iparraldean, tropa batzuk herrian sartu ostean. Wafa Palestinako albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez, liskarrak izan dira soldaduen eta bizilagunen artean eta balaz hil dute israeldarrek palestinarra. 

Gatazka hasi zenetik, 182 palestinar hil dituzte Zisjordanian tropa edo kolono israeldarrek, eta ostegunean hil zituzten egun bakarrean pertsona gehien; izan ere, Zisjordanian gutxienez 18 pertsona hil ziren, horietako 14 Jenin hirian, besteak beste, airetik droneekin egindako erasoetan.

Israelek Siriari eta Libanori eraso die

Israelek Siriari eraso dio larunbat honetan, bere kontrolpeko lurraldera bi jaurtigai iritsi ostean. Israelgo Armadak ohar baten bidez jakinarazi duenez, "duela gutxi Golango gainetan sirenek jo ondoren", Israelen okupaziopean dagoen Siriako lurraldean, "Siriatik egindako bi jaurtiketa identifikatu dira", eta "eremu irekian" erori dira. Horren ostean, Israelgo Armada "erasoaren jatorriari erasotzen ari da Siriako lurraldean".

Oraingoz, Siriako lurraldetik Israelerako erasoetan ez da inor zauritu edo hil. 

Era berean, Israelgo iparraldearen eta Libanoko hegoaldearen arteko mugan ere erasoak ez dira eten. Inguru horretan Israelgo Armada Hezbollah talde xiita eta Libanoko lurraldean dauden milizia palestinarrei aurre egiten ari da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena