Mundua
Israel-Hamas gerra
EITB Media
Israelek eraso gogorrak egiten jarraitzen du, Hamasen kontrako gerraren "bigarren fasea" abiatuta; azken orduetan Hamasen 450 helburu suntsitu dituela ziurtatu du. Gainera, Israelek gutxienez hiru palestinar hil ditu azken orduetan Zisjordania okupatuan.
Albisteak (1)
Israelek urriaren 7an Hamasek Gazatik egindako erasoen ostean hasitako "Burdinazko ezpatak" operazioak 8.000 palestinar hil ditu 21 egunetan, horietatik 3.000 baino gehiago haurrak.
Bart, Israelek Gaza iparraldean egindako erasoaldia indartu du, gatazkaren azken kapitulu hori piztu zenetik izan diren bonbardaketa gogorrenetan; izan ere, Armadaren arabera, Hamasen eta milizien "450 helburu" suntsitu dituzte aire-erasoekin.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak larunbatean ohartarazi zuenez, operazioaren "bigarren fasea" martxan da, eta lurreko indarrak areagotuko dituzte Gazan. "Etsai hiltzaile bat [Hamas] garaitzea" du helburu Israelek. Gainera, gerra "luzea eta gogorra" izango dela ohartarazi du, eta "bahituak etxera itzultzeko" helburua berretsi du.
Palestinako Ilargi Gorriak igandean jakinarazi du agintari israeldarren ohartarazpenak jaso dituela Gazako Zerrendako Al Quds ospitalea berehala ebakuatzeko. "Gaur goizetik ospitaletik 50 metrora erasoak izan dira", jakinarazi du.
¿Urgent: @PRCS has just received serious threats from the occupation authorities to immediately #evacuate Al-Quds Hospital in the #Gaza Strip, as it is going to be #bombarded. Since this morning, there has been raids 50 meters away from the hospital
— PRCS (@PalestineRCS) October 29, 2023
¿Please share widely.… pic.twitter.com/hmfbRVr1lg
Su-eten eskaerak
Ehunka mila manifestari Europako, Ekialde Erdiko eta Asiako hirietako kaleetara atera dira larunbatean palestinarrei babesa erakusteko, Israelgo Armada Gazako Zerrendan airetik eta lurretik erasotzen ari zen bitartean.
Bilbon, Londresen, Berlinen, Parisen, Erroman, Bagdaden, Kuala Lumpurren eta Wellingtonen, besteak beste, protesta jendetsuak izan dira, su-etena abiatzea eta Israelen "genozidioa" gelditzea eskatzeko. Eskaera hori mundu osoko agintariek eta erakunde humanitarioek ere egin dute.
Palestinaren aldeko manifestazioa Erroman. EFE.
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, esaterako, Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako "aurrekaririk gabeko bonbardaketak" salatu ditu, NBEren Batzar Nagusiak Palestinarako su-eten eskaera adostu ostean.
"Adoretuta sentitu nintzen Ekialde Hurbilean etenaldi humanitario bat gutxienez egiteko beharrari buruzko adostasun gero eta handiagoa zela zirudielako. Tamalez, horren ordez, aurrekaririk gabeko bonbardaketak etorri ziren, nire harridurarako", esan du Guterresek X sarean (Twitter zena), Qatarrera egindako bisitan.
"Berehalako su-eten humanitario baterako deia berresten dut, bahituak baldintzarik gabe askatzearekin eta Gazako herriaren behar lazgarriei dagokien laguntza ematearekin batera, gure begien parean gertatzen ari den hondamendi humanitarioaren aurrean", adierazi du Guterresek.
I was encouraged by what seemed to be a growing consensus for the need of at least a humanitarian pause in the Middle East.
— António Guterres (@antonioguterres) October 28, 2023
Regrettably, instead I was surprised by an unprecedented escalation of bombardments, undermining humanitarian objectives.
This situation must be reversed.
Bahituak askatzeko eskaria
Bahituen senideekin larunbatean egindako bileran, Netanyahuk aske uzteko aukera guztiak "agortuko" dituela agindu du. Senideek, euren etxekoak arriskuan jar ditzakeen operazio militarrik ez baimentzeko "erregutu" diote agintariari.
Hain zuzen ere, bahituei buruz mintzatu da azken orduetan Yehia Sinwar Hamaseko buruzagia, eta berretsi duenez, Hamas prest dago Israelekin "berehala" truke bat egiteko, urriaren 7an bahitu zituen pertsonak Israelgo kartzeletan dauden preso palestinar guztiengatik trukatzeko, hain zuzen ere.
"Prest gaude berehalako trukea egiteko, Israelgo espetxeetan preso palestinar guztiak askatzea barne hartzen duena, erresistentzia palestinarraren eskuetan dauden bahitu guztien truke", esan zuen Sinwarrek sare sozialetan zabaldutako ohar batean.
Qatarren bitartekaritza funtsezkoa izan da Hamasen esku zeuden eta urriaren 7an gerra piztu zenetik orain arte askatu dituzten lau bahitu askatzeko. Hain zuzen ere, Hamasek herrialde horretan du bulego politikoa.
Atzo bertan, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia Qatarko buruzagi diplomatikoarekin bildu zen, eta herrialdeak sustatutako "bitartekaritza ekimen nekaezinak" eskertu zizkion.
Komunikazioak berrezartzeko lanetan Gazan
Interneteko eta telefoniako konexioak pixkanaka berrezartzen ari dira Gazako Zerrendan, Israelgo Armadak lurreko operazioak indartzearen ondorioz ostiralean etenda geratu ondoren.
Jawwal telekomunikazio konpainia palestinarrak ohar bidez jakinarazi duenez, telefonia mugikor eta finkoko zerbitzuak eta Internet "pixkanaka" itzultzen ari dira.
Nazio Batuen Errefuxiatu Palestinarrentzako Agentziak (UNRWA) igande honetan ohar baten bidez adierazi duenez, Gazan dituen taldeek Interneteko zerbitzuak eta beste konexio batzuk berrezarri dituztela jakinarazi diote. "Egoera aztertuko dugu, gaur goizean konboiak berriz martxan jartzeko eta laguntza banatzeko", adierazi du UNRWAk, eta kexu agertu da atzo ezin izan zelako laguntzarik sartu Rafahko pasabidetik, telekomunikazioak moztu baitziren.
Gazan telefono eta Internet bidezko telekomunikazioak mozteak are gehiago zaildu ditu NBEren lan humanitarioak, bertako agentzia batzuekin harremana galdu baitu. Munduko Osasun Erakundeak eta Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak (UNICEF) ere komunikazioa galdu zuten Gazako langileekin.
Palestinako Ilargi Gorriak ere premiazko zerbitzu mediko batzuk eman ezinik geratzeko beldurra adierazi du egunotan, eta zaurituengana ezin direla garaiz iritsi ohartarazi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa