10:22

Mundua

Belgika

Belgikako Poliziak Bruselako erasoaren egilea hil du, tiroz

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Erasoaren egileak "bakarrik" jardun du, Alexander De Croo Belgikako lehen ministroak jakitera eman duenez. Belgikako lehen ministroak Ulf Kristersson Suediako homologoa gonbidatu du asteazkenean, Bruselan, erasoaren biktimak omentzeko.

  • Belgikako poliziak Bruselako erasoaren ustezko erasotzailea zauritu du, tiro eginda

    Belgikako poliziak Bruselako erasoaren ustezko erasotzailea zauritu du, tiro eginda. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Belgikako Poliziak Bruselako erasoaren egilea hil du, tiroz. Suediar jatorriko bi pertsona hil zituen, eta hirugarren bat zauritu zuen atzo gizon horrek. 

"Eraso terrorista honek gure gizarte baketsuaren oinarriak astintzen ditu", esan du lehen ministro Alexander De Crook prentsaurrean, goizeko lehen orduan. Agerraldi horretan, Belgikaren izenean, "doluminak" eman dizkio Suediako herriari.

Fiskaltzak, bestalde, jakinarazi du Schaarbeek auzoko Eugene Verboekhoven plazan dagoen kafetegi batean harrapatu dutela goizean erasotzailea, eta atentatuan erabilitako arma zeramala aldean.

Hori horrela, segurtasun indarrek haren etxebizitza miatu dute goizean, Huart Hamoirlaan kalean, auzo berean.

Frederic Van Leeuw fiskal federalaren hitzetan, ikerketa zabalik dago oraindik, baina Bruselako instrukzioko epaile baten esku utzi dute.

"Hiltzailea ez zen terrorismoagatik susmagarri diren pertsonen zerrendan agertzen, alegia, ez zuen terrorismo deliturik gure datu basearen arabera", adierazi du Barne ministro Annelies Verlindenek Radio 1en.

Ministroak zehaztu duenez, Tunisiako Poliziaren datu basean bai azaltzen zen, baina "bestelako delituengatik".

"Aurreikusi gabeko erasoa izan zen", erantsi du. "Lehen informazioen arabera, badirudi erasoa helburu suediarrekin lotuta dagoela", azaldu du.

Fiskaltza federalak atzoko atentatuaren gaineko datu gehiago eman ditu: "Taxi batean sartu ziren futbolzale suediarren atzetik joan zen hiltzailea, motorra hartuta. Ibilgailutik jaitsi zirenean, haien aurka egin zuen tiro".

Atzoko eraso terroristak bertan behera utzi zuen Belgika eta Suediaren arteko 2024ko Eurokoparako sailkapen partidua. Atsedenaldian, harmailetan zeuden 35.000 zaleak futbol zelaitik atera zituzten, segurtasun arrazoiak tarteko.

Erasoa bakarrik egin du

Erasoaren egileak "bakarrik" jardun du, Alexander De Croo Belgikako lehen ministroak jakitera eman duenez. "Orain arte ez dugu inolako zantzurik ikusten gizon hau lankidetzan aritu denik, sare bateko kide denik", esan dio politikari liberal belgikarrak VRT neurtuari. De Crook azpimarratu duenez, "badirudi gizon honek bakarka lan egin zuela".

"Gizonak Bruselan zeuden suediarrak bilatu eta eraso erabat koldar eta zentzugabea egin zuen", salatu du De Crook, eta horrelako atentatuak Europan erregulartasunez gertatzen ari direla deitoratu du.

"Azken urteotan Europa osoan ikusi dugu, tamalez, jendea ez dela inoiz immunea horrelako 'otso bakartien' erasoekiko", onartu du De Crook.

Belgikako lehen ministroak Ulf Kristersson Suediako homologoa gonbidatu du asteazkenean, Bruselan, erasoaren biktimak omentzeko, eta hark gonbita onartu egin du.

Erasotzailea Belgikan nola egon zitekeen galdetuta, nahiz eta lurraldea uzteko agindu bat izan, De Crook azpimarratu du inplikatutako zerbitzuek "laster" azaldu beharko dutela "prozedura egokiak jarraitu dituzten eta horietan akatsen bat dagoen".

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena