Mundua
Bigarren itzulia
Agentziak | EITB Media
Alvaro Noboa handikiaren semea Ekuadorreko historiako presidenterik gazteena bihurtu da, 35 urte dituela, Luisa Gonzalez Correaren mugimenduko hautagaiari gailenduta.
Ekuadorrek Daniel Noboa enpresaburu gaztea aukeratu du presidente izateko. Honenbestez, hauteskundeetako bigarren itzulian, Rafael Correa presidente ohiaren mugimenduak porrot egin du berriro, 2021ean gertatu bezala, boterera itzultzeko zorian geratu zenean.
Noboa, herrialdeko familia aberatsenetako baten oinordekoa, herrialdeko historiako presidente hautatu gazteena bihurtu da 35 urterekin, Luisa Gonzalez Correaren mugimenduaren hautagaiari irabazita. Lehen emakumea izan nahi zuen Gonzalezek Ekuadorreko presidentetzarako hauteskundeetan gailentzen.
Horrela, Alvaro Noboa handikiaren semeak, bere lehen saiakeran, aitari bost aldiz kostatu zitzaiona lortu du, eta ustekabean erdietsi du; hauteskunde-prozesuaren hasieran ez zen faboritoen artean abiatzen, baina ezustekoa eman zuen bigarren itzulian sartzen.
Gonzalez izan zen hautagai bozkatuena lehen itzulian, botoen % 33,61 eskuratuta. Bigarren itzulian, berriz, % 48 baino gutxiago bildu ditu.
Bestalde, Noboa bigarren geratu zen lehen itzulian, bozen % 23,46rekin, baina bigarren itzulian % 52 baino gehiago lortu ditu. Eskuinaren eta Correaren mugimenduaren aurkako kolektiboen babesa jaso du, tartean ezkerreko taldeena, mugimendu indigenaren zati batena, esaterako.
Lau puntuko aldearekin, Gonzalezek porrota onartu eta Noboa zoriondu du. Ondoren, Noboak hitzaldi labur bat eman du. "Bihartik aurrera itxaropena lantzen hasiko naiz", azpimarratu du irabazleak.
Enpresaburu gazteak festa pribatu batekin ospatu ditu emaitzak bere etxean, Olon hondartzaren aurrean, Santa Elena probintziako bainuetxe batean, non goizean botoa ematera joan den. Bitartean, bere jarraitzaileek Guayaquil eta Quito hirietako kaleetan ospatu dute garaipena.
Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak Noboa zoriondu du. "Ameriketako Estatu Batuek Ekuadorko herria txalotu nahi dute botoa emateko eskubidea baliatzeagatik eta demokraziarekiko konpromisoa berresteagatik. Daniel Noboa presidente hautatuarekin eta Ekuadorko herriarekin lan egitea espero dugu hemisferio seguruagoa, aberatsagoa eta bidezkoagoa eraikitzeko", ziurtatu du Matthew Miller bozeramaileak, ohar batean.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa