22:52

Mundua

Ekialde Hurbila

Israelek "mugarik gabeko erasoaldia" iragarri du Gazaren aurka

Agentziak | EITB Media

"Murrizketa guztiak kendu ditut. Gure aurka egiten duen edonor hil egingo da. Baliabide guztiak erabiliko ditugu horretarako", esan du Israelgo Defentsa ministroak. Bi aldeetan hildakoak dagoeneko 1.800 baino gehiago dira.

0:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Israelgo Armadak gaur jakinarazi duenez, joan den larunbatean Hamas talde islamista palestinarrarekin gatazka hasi zenetik, 1.707 helbururi eraso die guztira Gazako Zerrendan. Era berean, Gazaren eta Israelen arteko mugaren erabateko kontrola berreskuratu duela esan du Armadak. Halaber, Israelek abisatu gabe egiten duen bonbardaketa bakoitzeko bahitu bat hilko duela mehatxatu du Hamasek.

"Suziriak jaurtitzeko 475 leku, borroka eta zuzendaritza terroristako 73 toki, 24 azpiegitura militar estrategiko eta lurpeko 22" suntsitu dituztela zehaztu du Armadak, ohar militar batean.

Halaber, gaur arratsaldean Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak iragarri du "erabateko erasoaldia" abiatuko dutela Gazaren kontra, "mugarik gabekoa". "Murrizketa guztiak kendu ditut. Mugako kontrola berreskuratu dugu eta erabateko erasoaldiari ekingo diogu",  esan du.

Gazako mugan dauden Israelgo militarrekin bildu da arratsaldean Defentsa ministroa, eta horien lana goratu du. "Zuen lanari esker, hemengo errealitatea aldatuko duzue. Eraldaketa ikusiko duzue. Hamasek aldaketa nahi zuen; bada, uste zutena goitik behera aldatuko da. Damutuko dira: Gaza ez da inoiz izango izan zena. Ezin dira Israelgo haurrak hil, eta Hamasek bizirik jarraitu. Murrizketa guztiak kendu ditut: gure aurka borrokatzen den edonor hil egingo da. Baliabide guztiak erabiliko ditugu horretarako ", berretsi du.

Gainera, Israelek Hamaseko bi goi-kargudun hil ditu aireko bonbardaketen bidez, Israelgo Indar Armatuen prentsa bulegoak gaur baieztatu duenez. Hain zuzen ere, Yoad Abu Shmala Gazako Zerrendako Ekonomia ministro eta Hamaseko kidea, eta Zacaria Abu Maamar erakunde bereko goi-kargudun eta barne harremanetarako departamentuko burua hil dituzte. Joan den gauean egindako aire-bonbardaketetan hil dituzte biak.

Era berean, Hamasek erasoa abiatu du Axkelon herrian, Israelgo hegoaldean, Gazako mugatik 10 kilometro eskasera. Erasoaldia 17:00etan abiatu dute (16:00ak, Euskal Herrian), eta ondorioz sirenak piztu behar izan dituzte herri horretan eta inguruetan. Antza denez, misilek Regina hotela jo dute.

1.800 hildakotik gora

Israelen hildakoak 900 baino gehiago dira dagoeneko, Hamasek larunbatean lurretik, itsasotik eta airetik egindako erasoaren ondorioz. Zerrendan hildakoak ere 900 inguru dira, tartean 140 haur, Israelen eta milizia palestinarren arteko gerraren hirugarren egunean. Palestinako miliziek 100 herritar baino gehiago bahitu zituzten larunbateko erasoan. Ivan Illarramendi Saizar, 46 urteko euskal herritarra, desagertuta dago Israelen larunbatetik.

Israelgo Osasun Ministerioak baieztatu duenez, zaurituak 2.600 dira, gutxienez horietako 376 larri. Milizia palestinarren erasoan, Gazatik 4.400 kohete baino gehiago jaurti zituzten, baina gehienak geldiaraztea lortu zuten.

Gazako Zerrendan, zaurituak 4.600 dira jadanik, Zerrendako Osasun Ministerioaren azken zenbaketaren arabera. Astelehenetik, bonbardaketa gogorrak jasaten ari da Israelgo hegazkinen aldetik, eta azpiegitura zibil ugariri eta etxebizitzei egin diete eraso.

Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek atzo agindu zuen Gazako Zerrenda guztiz blokeatzea. Horrek esan nahi du argindar, elikagai eta erregai gabe utzi dituztela palestinarrak, gerra egoera betean.

2007az geroztik, Hamasek kontrola bereganatu zuenetik, airez, lurrez eta itsasoz blokeatu zuen Israelek Gazako Zerrenda, non 2,2 milioi biztanle bizi diren. Han, zentral nuklear bakarra dago, eta erregaia behar-beharrezko dute ospitaleak, etxebizitzak eta aterpeak hornitzeko.

Bi kazetari hil eta beste bat zauritu dituzte goizaldean Israelgo hegazkinek Hajji dorrearen aurka egindako bonbardaketa batean, Gazako Zerrendan. Eraikina erabat suntsituta geratu da, Wafa albiste agentzia palestinarrak jakinarazi duenez.

Mahmud Abbas Palestinako presidenteak "berehala" esku hartzeko eskatu dio Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiari, "Israelek palestinarren aurka egindako erasoa geldiarazteko". Abbasek, telefono dei batean, zibilei laguntza ematearen garrantzia azpimarratu du, eta, beraz, Nazio Batuen Erakundearen helburua Gazan "hondamendi humanitarioa saihestea" izan beharko litzatekeela adierazi du.

Zentzu horretan, Europako Batzordeak Palestinari ematen dizkion dirulaguntzak "berrikusiko" dituela iragarri du, baina zehaztuta Palestinarako laguntza humanitarioa salbuetsita dagoela, eta Gaza eta Zisjordaniako herritarrek laguntza hori jasoten jarraituko dutela.

Europar Batasuneko Atzerri ministroek ezohiko bilera egingo dute gaur Israelgo egoeraz hitz egiteko, EBko iturriek aurreratu dutenez. Bilera bideokonferentzia bidez izango da.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena