Mundua
Suedia
agentziak | eitb media
Literaturakoa eta Bakearena dira ikusmin handiena eta espekulazio gehien sortzen dituztenak, eta urriaren 5ean eta 6ean iragarriko dituzte.
Nobel sarien banaketa ekitaldia. Argazkia: EITB
Medikuntza nobel saridunaren iragarpenak emango dio hasiera gaur 2023ko sarituen zerrendari, eta hurrengo egunetan etorriko dira Kimikarena, Fisikarena, Literaturarena, Bakearena eta Ekonomiarena.
Literaturarena eta Bakearena dira ikusmin handiena pizten dutenak, eta espekulazio eta faboritoen kiniela gehien ekartzen dituztenak.
Michel Houllebecq frantziarra, Can Xue txinatarra, Jon Fosse norvegiarra, Thomas Pynchon estatubatuarra, Haruki Murakami japoniarra, Liudmila Ulitskaya errusiarra, Salman Rushdie britainiarra eta Gerald Murnane australiarra dira Stockholmen entzuten diren izenetako batzuk Annie Ernaux frantziarrak 2022an jaso zuen Literatura sariaren lekukoa hartzeko.
Bakearen nobel sariaren kasuan, ez dago faborito argirik, baina Frantzisko aita santua, Ilham Tohti txinatarra, Munduko Osasun Erakundea, Svetlana Tijanovskaya bielorrusiarra eta Alexei Navalni errusiarra aipatzen dira.
Egutegia
Urriak 2: Medikuntza
Urriak 3: Fisika
Urriak 4: Kimika
Urriak 5: Literatura
Urriak 6: Bakea
Urriak 9: Ekonomia
Abenduak 10: sarien banaketa Stockholmen eta Oslon (Bakearena)
Polemika Ukrainako gerragatik
Nobel Fundazioak irailaren hasieran jakinarazi zuen herrialde guztietako enbaxadoreak gonbidatuko dituela ohikoa den legez, 2022an Ukrainako gerragatik ohitu hori hautsi ostean.
Baina Suedian izandako "erreakzio gogorren eraginez", tartean alderdi politikoen boikot mehatxuak eta Ukrainako Gobernuaren kexak, Fundazioak atzera egin zuen, baina Errusiako eta Bielorrusiako enbaxadoreak bertaratu ahal izango dira, iazko moduan, Osloko ekitaldira, Bakearen Nobel saria bakarrik ematen den lekura.
Alfred Nobel
Alfred Nobel (1833-1896) dinamita eta beste gauza batzuk asmatzeagatik dirutza egin zuen pertsonaiak hartu zuen Bakearen nobel saria Oslon emateko erabakia, garai hartan Norvegia Suediako Erreinuaren parte zelako.
Asmatzaile ezagunak bere dirua ezagutzaren arlo desberdinetako lorpenak aitortzeko sariak emateko erabiltzea erabaki zuen, eta horretarako bost kategoria ezarri zituen: Medikuntza, Kimika, Fisika, Literatura eta Bakea. Ekonomiaren golardoa Suediako Bankuak sortu zuen 1968an.
Asmatzaileak testamentuan agindu zuen bere dirua higiezinetan eta aseguruetan inbertitzea, eta interesak aipatu sarietan banatzea.
1901ean lehenengo aldiz banatu zituztenetik, 49 alditan geratu dira nobelak saridunik gabe, baina jada 954 pertsona eta 27 erakunde izan dira sarituak, batzuk behin baino gehiagotan (Gurutze Gorria eta Marie Curie).
Gizonezkoak dira nagusi palmaresean. Emakumeak sarituen % 6,4 bakarrik dira, 60; eta erdia baino gehiago, 31, azken bi hamarkadetan saritu dituzte.
Aurreko edizioan bi emakumek jaso zuten nobel saria: Annie Ernaux frantziarra (Literatura) eta Carolyn R. Bertozzi estatubatuarra (Ekonomia).
Marie Curie.
Bazterketa argia den arren, emakume batena da saritu gazteenaren errekorra, Malala Yousafzai pakistandarrarena hain zuzen ere, 2014an, 17 urte zituela, Bakearen nobel saria jaso ostean.
Marie Curieren kasua ere bakarra da. 1903an Fisikaren nobel saria jaso zuen Pierre Curie senarrarekin eta Henri Becquerelekin batera, eta 1911n Kimikarena berak bakarrik. Gainera, Irene Joliot-Curie alabak Kimikaren nobel saria eskuratu zuen, Frederic Joliot senarrarekin elkarbanatuta, 1935ean.
Prozedura eta sariak
Sariketa guztiek jarraitzen dute antzeko prozedura: zientzialariek, akademikoek eta unibertsitateko irakasleek hautagaiak aukeratzen dituzte, eta Nobel batzordeek iragazki bat jartzen dute, irabazlea edo irabazleak (gehienez hiru) izendatu arte.
Gainera, diru kopuru berbera ematen dute sari guztietan, eta aurten 11 milioi koroa suediar izango dira (947.000 euro).
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa