19:47

Mundua

Sententzia

Txileko Auzitegi Gorenak 7 militar erretiratu zigortu ditu Victor Jara bahitu eta hiltzeagatik

Agentziak | EITB Media

Zigortuetako batek, 86 urteko ofizial jubilatua, bere buruaz beste egin du atxilotu eta kartzelara eraman behar zutenean.

  • Victor Jara kantariaren irudia duen graffitia Arica herrian, Txilen. Argazkia: Marcelo Urra.

    Victor Jara kantariaren irudia duen graffitia Arica herrian, Txilen. Argazkia: Marcelo Urra.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Txileko Auzitegi Gorenak behin betiko epaia eman du Victor Jara abeslari eta ekintzaile politikoa eta Littre Quiroga espetxe-zuzendaria bahitu eta hiltzeagatik zabaldutako auzian, eta 25 urteko kartzela-zigorra berretsi die erretiroa hartuta dauden zazpi militarri.

Horietako batek, Hernan Chacon Soto 86 urteko brigadierrak, bere buruaz beste egin du atxilotu eta kartzelara eraman behar zuten unean.

Victor Jara 1973ko irailean bahitu zuten, Augusto Pinochet buru zuten militarrek Salvador Allende presidentearen aurkako estatu-kolpea jo zutenean. Unibertsitatean atxilotu zuten beste irakasle eta ikasle batzuekin batera, Txile estadiora eraman zuten. Militarrek kirol-eremu hori itxi eta kontzentrazio-esparru bihurtu zuten. 5.000 pertsona inguru izan zituzten han pilatuta hainbat egunez.

Jara ordu luzez torturatu zuten, eta, azkenean, tiroka hil zuten. Gorpua hilerri baten inguruan botata utzi zuten. Aurkitu zutenean, 44 bala-zulo zituen, zigarro erredurak, hatzak apurtuta eta mingaina moztuta.

Estatu-kolpe haren 50. urteurrena betetzeko bi aste falta direnean, Auzitegi Gorenak berretsi egin du militarren aurkako epaia, eta kondenan akatsik ez dagoela ebatzi du.

Hortaz, Raul Jofre Gonzalez, Edwin Dimter Bianchi, Nelson Haase Mazzei, Ernesto Bethke Wulf, Juan Jara Quintana eta Hernan Chacon Soto militar erretiratuei 15 urte eta egun bateko kartzela-zigorra berretsi diete, hilketen egile gisa, eta hamar urte eta egun batekoa, bahiketengatik. Gainera, Rolando Melo Silvak bost urte eta egun bat bete beharko ditu hilketak ezkutatzeagatik, eta hiru urte eta egun bat bahiketak ezkutatzeagatik.

Halaber, Txileko Estatuak kalte-ordainak eman beharko dizkie Jararen eta Quirogaren senideei.

Atxiloketak egiten hasi eta segurtasun-indarrak Hernan Chacon militar erretiratuaren etxera joan direnean, honek botika bat hartzeko denbora pixka bat eskatu die, eta tarte horretan, bere buruaz beste egin du. Prozesuan zehar brigadierraren abokatuak esan duenez, garai hartan "armadako maior hutsa zen, eta Txile estadioaren ingurua zaindu besterik ez zuen egin". Auzitegiaren arabera, baina, horrek ere erabaki zuen galdeketa egitera nortzuk eraman behar zituzten eta horien azken patua zein izan behar zen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena