Mundua
Banketxeak
Agentziak | EITB Media
Meloniren ezusteko iragarpenak egun beltza eragin zuen Italiako burtsan, eta galera handiak bankuen sektorean. Gainbeheraren ostean, Gobernuak apur bat zuzendu du neurria, eta aparteko tasa aktiboen % 0,1i mugatuko duela zehaztu.
Meloni, garaipena ospatzen, iazko irailean. Artxiboko argazkia: EFE
Banketxeei % 40ko aparteko zerga ezarriko diela iragarri du Italiako Gobernuak. Interes tasen igoerak tarteko, etekin handiak izaten ari dira Italiako banketxeak, eta aparteko etekin horiek zergapetzea ebatzi du Gobernuak, "berdintasun soziala" bultzatzeko neurri gisa.
Zerga 2022 eta 2023. urtetara mugatuko dute, eta ordaindu beharrekoak ez du finantza-erakundearen ondare garbiaren % 25 gaindituko. Bildutako dirua "hipoteka duten herritarrei eta enpresei laguntzeko eta herritarren karga fiskala murrizteko" erabiliko dutela zehaztu du Meloniren exekutiboak.
Oporren aurreko azken ministroen kontseiluan, astelehenean, ezustean, hartu zuen erabakia Italiako Gobernuak. Nabarmendu duenez, 2022an izandako irabaziak "2021eko zerga ekitaldian jasotakoa baino % 5etik gorakoak" direnean aktibatuko da tasa, eta portzentaje hori % 10ekoa izango da 2023ko zerga aplikatzeko orduan.
Iragarpenak ustekabean harrapatu zituen finantza-erakundeak, eta Milango Burtsa hondoratzea eragin zuen. Astearteko saioan, % 2,2 egin zuen atzera, eta 27.710 milioi euro galdu zituen. Banketxeek ia 9.000 milioi euroko galera izan zuten, Il Sole 24 Ore egunkari ekonomikoaren esanetan.
Hedabide horretako adituek egindako kalkuluen arabera, Gobernuak 2.500 milioi euro bil litzake Italiako sei banketxe handienen eskutik.
Zenbaki gorriak ikusita, zuzenketa egin behar izan du Georgia Meloni buruzagi ultraeskuindarraren gobernuak. Atzo iluntzean jakinarazi zuenez, zerga berriari muga jarriko dio. "Ekarpenak ezingo du aktibo guztien % 0,1 gainditu, finantza-erakundeen egonkortasuna babestu aldera", adierazi zuen Ekonomia Ministerioak. Horren arabera, zerga berria "Europako beste herrialdeetan jada aplikatzen diren tasen antzekoa da".
Neurriaren berri izan eta berehala, zuhurtziaz agertu zen Italiako Bankuen Federazio Autonomoak: "Sektorean izango duen eragina aztertzen ari gara. Argiago dugunean (dekretuaren letra txikia oraindik ez da ezagutzen) zehaztuko dugu gure jarrera".
Italiako hedabideen hitzetan, banketxe txikienei nola eragingo dien ere da kezka iturri. % 40ko zergak horietako batzuk hondoratzea ekar lezake, baina Italiako sei banketxe handienek (Intesa Sanpaolo, Unicredit, BPM, MPS eta BPER) gutxiago nabarituko dute; izan ere, urteko lehen seihilekoan, 10.500 milioi euroko irabaziak izan zituzten, 2022an halako bi pasatxo.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa