Mundua
GERRA UKRAINIAN
AGENTZIAK | EITB MEDIA
NATOk aliatuen esku utzi du Ukrainari munizio hori emateko erabakia. Espainia, adibidez, bidalketaren aurka agertu da.
Ukrainako soldaduak. Argazkia: EFE.
AEBk baieztatu du barreiatze-bonbak bidaliko dituela Ukrainara, nahiz eta Alemaniak eta Human Rights Watch (HWR) bezalako erakundeek horren aurka agertu.
Joe Bidenen arabera, erabakia "zaila" baina beharrezkoa izan da, "ukrainarrak muniziorik gabe geratzen ari baitira".
Iragarpenak harridura eta eztabaida sortu du. Lehergailu hori debekatuta dago ehun herrialde baino gehiagotan, eta Nazio Batuen abisuak urratzen ditu. Hala ere, Ukrainako gerran erabili dute jada bai tropa errusiarrek bai ukrainarrek, eta zibilak hil eta zauri larriak eragin dizkie bizirik atera direnei.
Mota horretako bonbak askatzen dituzten azpijaurtigaien kopuru handi batek ez du eztanda egiten, eta, beraz, lurrean lurperatuta gera daitezke eta gatazka bat amaitu eta askoz geroago eztanda egin.
Iragarpenean, AEBko agintariek azpimarratu dute % 2,35etik beherako hutsegite-tasa duten lehergailuak soilik bidaliko dituztela Ukrainara. AEBetako arduradunen arabera, Errusiak inbasioa hasi zenetik erabiltzen dituen barreiatze-bonbek % 30 eta % 40 arteko akats tasak dituzte.
Erreakzioak
NATOko idazkari nagusiak, Jens Stoltenbergek, aliatuen esku utzi du Ukrainari munizio hori emateko erabakia, NATOren barruan 2008ko Barreaitze Munizioei buruzko Konbentzioari buruzko jarrera bateraturik ez dagoela gogorarazi ondoren. Hitzarmen horrek debekatu egiten du armamentu mota hori erabiltzea, garatzea, ekoiztea, eskuratzea, biltegiratzea eta transferitzea.
"Aliatu batzuek hitzarmena sinatu dute, eta beste batzuek ez. Banakako erabakia da laguntza militar hori Ukrainari eman ala ez erabakitzea. Gobernuen kontua da, eta ez aliantzarena", adierazi du NATOko buruzagi politikoak.
Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak esan du ez datorrela bat Ameriketako Estatu Batuen erabakiarekin.
Errusiak AEBn duen enbaxadore Anatoli Antonoven ustez, Ukrainara barreiatze-bonbak bidaltzeko erabakia "gizateria mundu gerra berri batera hurbiltzen duen" beste probokazio estatubatuar bat da.
Errusiatik salatu dutenez, gainera, AEBk "ez ditu aintzat hartu bere aliatuen iritzi negatiboak barreiatze-munizioen erabilera indiskriminatuaren arriskuei buruz", eta "ez ikusiarena egin du zibilen bajen aurrean".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa