10:09

Mundua

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

AEBko interes-tasen igoeren zikloan aldi baterako etenaldia iragar dezake gaur Erreserba Federalak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Ekaineko bilera honetan, aldi baterako etenaldia ezartzea aurreikusten da, eta uztailean zein irailean interes-tasak berriro igotzea. Aurreko bileretan ez bezala, ez dago argi adituek erabaki bateratua hartuko duten edo ez.

  • Jerome Powell, AEBko Errserba Federaleko presidentea, agerraldi batean. Argazkia: EFE

    Jerome Powell, AEBko Errserba Federaleko presidentea, agerraldi batean. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

AEBko Erreserba Federalak (Fed) interes-tasen igoeren zikloan aldi baterako etenaldia iragar dezake asteazken honetan, Merkatu Irekiko Batzorde Federaleko kideen bileraren ostean, inflazioa moteldu egin baita. Urtebetean, hamar aldiz igo dituzte interes-tasak.

Aurreko bileretan, aditu gehienek aurreikusi zituzten igoerak, baina oraingoan ez dago argi erabaki bateratua hartuko duten edo ez. Dena dela, Jerome Powell AEBko Erreserba Federaleko presidenteak goizean egingo duen agerraldian iragarriko du bilera horretan zer erabaki hartu duten.

Aditu gehienen aburuz, oraindik ez da interes-tasen muga gainditu, eta baliteke datozen hilabeteetan igoera gehiago iragartzea. Nolanahi ere, ekaineko bilera honetan, aldi baterako etenaldia ezartzea aurreikusten da, eta uztailean zein irailean interes-tasak berriro igotzea.

Ekonomialarien artean ziurgabetasuna nagusi izan arren, azken hilabeteotako joera etetea ahalbidetuko lukeen mugarri bat jakin da aste honetan; izan ere, inflazioaren urte arteko tasa nabarmen jaitsi zen maiatzean, bederatzi hamarren, % 4an kokatzeraino (2021eko martxotik izan duen mailarik baxuena).

Azken igoera, maiatzaren 3an iragarri zuten. Bileraren aktak argitaratu ondoren jakin zenez, neurriak gehiago zorroztearen egokitasunari buruzko ziurgabetasuna adierazi zuten aditu gehienek.

Banku zentralaren proiekzioak egiten dituen talde teknikoaren arabera, AEBko ekonomia moteldu egingo da datozen bi hiruhilekoetan, eta urte amaieran atzeraldi txiki batean sar daiteke, ekonomia berrezarri eta suspertzen hasi aurretik.

Urtebetean ondoz ondoko hamar igoera iragarri ondoren (2022ko martxoan hasi ziren), gaur egun interes-tasa % 5 eta % 5,25 artekoa da, 2007tik izandako mailarik altuena.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena