Itxi

Mundua

POLIZIA OPERAZIOA

Kargurik gabe aske utzi dute Nicola Sturgeon

AGENTZIAK | EITB MEDIA

SNP alderdiaren finantzaketari lotutako auziagatik atxilotu eta galdekatu dute; bederatzi orduz egon da poliziaren zaintzapean. Erresuma Batuko Poliziak hilabeteak daramatza Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzaketa ikertzen, eta apirilean haren senarra atxilotu zuen.

  • Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia. Argazkia: EFE

    Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro ohia. Argazkia: EFE

Kargurik gabe aske utzi dute Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministro izandakoa, Poliziaren zaintzapean bederatzi ordu igaro eta galdeketa egin ostean. 

Goizean atxilotu dute Sturgeon, Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) finantzaketari lotutako ikerketaren baitan, Erresuma Batuko komunikabideek jakitera eman dutenez.

SNPren finantzak susmopean dira azken urtotan, batez ere, 2021ean dohaintza batzuen inguruan hainbat kexu jaso zirenetik. Poliziaren susmoak piztu ditu alderdiak independentziaren aldeko balizko erreferendum berri baterako kanpaina finantzatzeko alderdiak jaso zuen diruak.

SNPko bozeramale baten arabera, Sturgeon bere borondatez joan da Polizia eskoziarrarekin adostuta zuen hitzordura, eta han "atxilotu eta galdekatu" egin dute, alderdi subiranistaren funtsekin lotutako ustezko iruzurrarekin lotuta.   

"Branchform operazioa" deituriko ikerketa berarekin loltuta, Sturgeonen senarra, Peter Murrel, atxilotu zuen Poliziak apirilean; aske utzi zuten gero. 

Ikerketarekin argitu nahi dutena da zertarako erabili zuen Eskoziako Alderdi Nazionalak balizko independentzia erreferendum baterako jaso zituen dohaintzak, 600.000 libera (680.000 euro). Ikerketan sakontzen ari diren heinean, batez ere, 400.000 libera (455.000 euro) nondik jaso ziren argitu nahi dute, Daily Record Eskoziako hedabidearen esanetan, ez baitzen horiek jaso izana Hauteskunde Batzordeari komunikatu denbora dezente pasa arte.  

Sturgeonek ez du inoiz bere dimisioa (martxoaren amaieran dimititu zuen) susmo horiekin edo ikerketarekin lotu, eta, bederatzi urtez karguan egon denak, balizko galdeketarako bildutako dirua eta alderdiaren kontuen gardentasuna aldarrikatu izan du beti. 

52 urteko emakume baten atxiloketa iragarri du Eskoziako Poliziak Twitterreko kontuan; gero baieztatu du Eskoziako BBCk Sturgeon dela atxilotutako emakume hori. 

"Ministro nagusi izandakoa Poliziaren zaintzapean dago uneotan, eta Poliziaren galderei erantzuten ari da", azaldu dute Poliziak kaleratutako oharrean.