Mundua
Emakumeen ugaltze eskubideak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Joan den astean apelazio auzitegi batek agindutako murrizketak bertan behera utzi ditu momentuz Gorenak. AEB osoan egindako abortu kopuruaren erdia baino gehiagotan erabili ohi dute mifepristona.
Mifepristona abortatzeko pilularen irudia. Argazkia: France Press
Mifepristona abortatzeko pilularen erabilera bermatu egin du oraingoz AEBko Auzitegi Gorenak, joan den astean apelazio auzitegi batek agindutako murrizketak bertan behera utzita.
Gorenaren erabaki horren ondorioz, sendagai hauek lortu daitezke orain arte bezala, duela 20 urte baino gehiago AEBko araudiak pilula horri emandako legezkotasunaren gainean apelazio auzitegi horrek ebatzi bitartean behintzat.
Apelazio auzitegi horrek Texas, Luisiana eta Misisipiko estatuak, besteak beste, hartzen ditu, eta mifepristona pilularen salmentari murrizketak jartzea erabaki zuen joan den astean. Bien bitartean, pilula hori debekatzeko Texaseko epaile batek hartutako erabakia aztertzen ari dira. AEB osoan egindako abortu kopuruaren erdia baino gehiagok erabili ohi du mifepristona.
AEBn aborturako eskubideak zuen berme konstituzionalak iazko udan bertan behera utzi ostean, Gorenak egindako lehenengo ebazpena da. Ordutik, kontserbadoreek agindutako AEBko estatutan aborturako eskubidearen murrizketak abiatu dituzte.
Gorenaren erabakiak ez du esan nahi abortua debekatu den estatutan mifepristona errezetatu daitekeenik, baina bai emakumeek izango dutela sendagairako sarrera, baita posta bidez ere, orain arte bezala, apelazioa ebatzi arte behintzat.
Erreakzioak
Gorenaren erabakia ospatu du Joe Biden AEBko presidenteak. "Mifepristonak eskura egoten jarraitzen du, eta erabilera segurua eta eraginkorra izateko onartuta dago, auzitegien borrokari eusten diogun bitartean". "Arrazoi politiko dituzten emakumeen osasunaren aurkako erasoen kontra borrokatzen jarraituko dugu", ohartarazi du.
Ugaltze osasun klinika sarerik handiena kudeatzen duen Planned Parenthood elkarteak erabakia txalotu du ere, baina deitoratu duenez, emakumeen osasuna ez luke sistema judizialaren menpe egon behar.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa