Mundua
Alemania
Michael Schumacherren familiak kereila jarriko du adimen artifizialarekin sortutako elkarrizketa batengatik
Agentziak | EITB Media
Hala esan diete familiako ordezkariek Alemaniako hainbat hedabideri, 2013an eski-istripu larri bat izan zuen pilotu ohiaren jarraitzaileen artean elkarrizketak haserrea sortu ondoren.
-
Emakume bat 'Die Aktuelle' aldizkariarekin, Berlinen. Argazkia: EFE
Michael Schumacherren familiak kereila jarriko du Die Aktuelle aldizkariaren aurka, adimen artifizialeko programa batek sortutako erantzunekin 1 Formulako munduko txapeldun ohiarekin ustez egindako elkarrizketa bat argitaratzeagatik.
Hala esan diete familiako ordezkariek Alemaniako hainbat hedabideri, 2013an eski-istripu larri bat izan zuen pilotu ohiaren jarraitzaileen artean elkarrizketak haserrea sortu ondoren.
"Michael Schumacher. Lehen elkarrizketa. Mundu mailako sentsazioa", idatzi du aldizkariak azalean, pilotu ohiaren argazki handi baten ondoan.
Testu txikiago batean esaten da "engainuz benetakoa dela", eta argitalpenaren barruan adierazten da elkarrizketa adimen artifizialeko programa baten bidez egin zela. "Nire bizitza erabat aldatu da" izeneko elkarrizketaren irakurleak ohar hori erraz utz dezake aintzat hartu gabe.
Argazki-oin batean, anbiguotasunarekin jolasten da benetako elkarrizketa bat ote den, testu hau jarrita: "Lehen aldiz erantzunak ematen ditu bere eski-istripuaz geroztik edo benetan gure Schumi da hitz egiten duena?".
Istripua izan zuenetik, Suitzako bere etxean dago Schumacher, eta familiak bere osasun egoerari buruzko informazio gutxi ematen du.