Mundua
IPAR IRLANDA
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Arratsaldean iritsiko da Belfastera, eta han Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak egingo dio harrera ofiziala AEBko presidenteari.
Joe Biden, asteon, Aste Santuko ekitaldi batean. Argazkia: EFE
Lau eguneko bisita ofiziala abiatuko du gaur Joe Biden AEBko presidenteak Ipar Irlandan, Ostiral Santuko akordioak sinatu zirenetik 25 urte bete direnean. Etxe Zuriak atzo eman zuen presidente estatubatuarrak bidaia honetan izango dituen hitzordu nagusien berri. Bidenentzat bidaia berezia izango dela nabarmendu zuten, jatorri irlandarreko amona izanda, lotura estua baitu lurralde horrekin.
"Bidaia honi ekiteko gogotsu dago Biden, bi herrialdeok dituzten lotura historikoak ospatzeko", esan zuen John Kirby Etxe Zuriko eledunetako batek, hedabideen aurrean.
Gaur arratsaldean iritsiko da Biden Belfastera, eta han, Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak egingo dio harrera ofiziala, aireportuan. Bihar, asteazkena, bilera bat egingo dute biek, eta batzarraren ondoren, Ulsterreko Unibertsitatean hitzaldia eskainiko du Bidenek. Ostiral Santuko akordioak ekarri dituen "aurrerapenak" nabarmenduko ditu.
Ipar Irlandan egon ostean, Irlanda ekialderako bidea hartuko du agintari estatubatuarrak, eta lehen geldialdia Louth konderrian egingo du, bere birraitonaren jaioterrian.
Etxe Zuriak azaldu duenez, Dublinen igaroko du asteazken gaua, eta, ostegunean, Michael Higgins Irlandako presidentearekin bilduko da, haren egoitza ofizialean, Aras an Uachtarainen.
Azkenik, ostiralean, Mayo konderrian amaituko du bisita Bidenek. Hangoa zen bere amaren familia, eta bertan, AEBren eta Irlandaren arteko "harremanak" sendotu nahi ditu presidente estatubatuarrak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa