09:28

Mundua

Israel-Palestina gatazka

Israel eta Palestinaren arteko indarkeria oldeak hiru hildako eta dozenaka zauritu utzi ditu dagoeneko

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gainera, 22 atxilotu daude. Bart, italiar bat hil eta beste zazpi turista zauritu dira bart ustez nahita izandako harrapaketa batean, Tel Aviven. Muga-Poliziaren lau erreserbista-unitate "berehala" mobilizatzeko agindu du Israelgo lehen ministroak.

  • Ustez nahita eragindako harrapaketaren irudia, Tel Aviven. Argazkia: EFE

    Ustez nahita eragindako harrapaketaren irudia, Tel Aviven. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Italiar bat hil eta beste zazpi turista zauritu dira bart Tel Aviven ustez nahita izandako harrapaketa batean. Turista guztiak Italiakoak eta Erresuma Batukoak ziren. Arabiar-israeldar jatorrizko erasotzailea ere hil da, Israelgo larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenez.

Hildakoa 36 urteko italiar bat da. Gainera, autoak harrapatutako beste zazpi pertsona ospitaleratu behar izan zituzten, larrialdi zerbitzuen arabera. Zaurituen artean, lau pertsona arin zauritu dira, eta beste hiru neurrian zaurituta daude. Guztiak turistak ziren: italiar bi eta bost britaniar.  

Poliziaren arabera, Tel Aviveko itsas-pasealekutik zihoazen hainbat lagun harrapatu zituen ibilgailu batek, hura irauli zen arte. Jarraian gidaria arma bat hartzen saiatu omen zen, ondorioz, Poliziak erasotzailea tiroz hil egin zuen. Hainbat komunikabideren arabera, Kafer Qasem arabiar-israeldar udalerrikoa zen erasotzailea.

Bestalde, bi kolono hil dituzte Zisjordanian, tiroketa batean, ustez palestinarrek egindako eraso batean. Bi emakume ziren, horietako bat adingabea. Bien ama larri zaurituta dago. Biek zuten, Israelgoaz gainera, Erresuma Batuko nazionalitatea. "Erresuma Batuak alde guztiei eskatzen die tentsioak gutxitzeko", esan du Atzerri Ministerio britainiarrak komunikatu batean.

Muga-Poliziaren lau erreserbista-unitate "berehala" mobilizatzeko agindu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, "eraso terroristei aurre egiteko helburuz". Izan ere, Israel eta Palestinaren arteko indarkeria oldeak hiru hildako, dozenaka zauritu eta gutxienez 22 atxilotu utzi ditu dagoeneko.

Erasoa meskitan

Egunean zehar, 100.000 musulman inguruk Ramadaneko hirugarren ostiraleko otoitzak egin dituzte, Jerusalemgo Al Aqsa meskitan, tentsio handiko une batean, bi eguneko liskar eta bonbardaketen ondoren, Israelgo Polizia tenpluan sartu eta fededunak jipoitu eta gero piztuta. Otoitza tentsio handiko une batean gertatu da, Israelgo Polizia meskitan sartu zenean eta Hamasen eta Israelen arteko bonbardaketak hasi zirenean.

Maan agentzia palestinarrak eta The New Arab atariak salatu dutenez, Israelgo Poliziak Fajrreko meskitan otoitz egiteko sartzen ari ziren dozenaka fededuni eraso egin die goizean, 40 urtetik beherakoak esparru sakratuan sartzea eragotzita.

Eguerdiko otoitza egin dutenean, Al Aqsan, ehunka pertsonak Palestinako eta Hamas mugimendu islamistako banderak astindu dituzte, eta bi hildako utzi dituen ustezko erasoa txalotu dute, 'The Times of Israel' egunkariak jakitera eman duenez.

Bestalde, Wafa agentziak jakinarazi du gutxienez hiru gazte palestinar zauritu dituztela Israelgo indarrek Zisjordanian, bi sarekadatan.

Kafr Qasemen, hainbat ibilgailuk su hartu dute eta Daviden izar bat eta "prezio etiketa" eslogana margotu dituzte. Eslogan hori kolono israeldarrek erabiltzen dute palestinarren Israelgo arabiarren aurka.

Gero eta indarkeria gehiago azken 48 orduetan

Goizaldean, Israelgo Armadak Gazan eta Libanon bonbardaketak egin ditu, atzo Gazako Zerrendatik eta Libano hegoaldetik jaurtitako koheteen erantzun gisa. Ordu gutxira, Libanoko Gobernuak iragarri du Nazio Batuen Erakundearen aurrean salatuko duela bere lurraldean Israelek egindako erasoa.

Hamasek, bere aldetik, gogor gaitzetsi ditu Israelgo Defentsa Indarrek ostiral goizaldean Libanon egindako aire erasoak, eta "herrialde arabiar anaien subiranotasuna urratzea" leporatu dio Israeli.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena