Mundua
Eskozia
Sturgeonen senarra atxilotu dute Eskoziako Alderdi Nazionalaren finantzekin lotutako ikerketa baten harira
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gainera, hainbat etxebizitza miatu dituzte, Poliziak erantsi duenez. Ikerketak abian jarraitzen du.
-
Eskoziako lehen ministro ohi Nicola Sturgeonen senarra, Peter Murrell. Argazkia: Wikipedia
Eskoziako lehen ministro ohi Nicola Sturgeonen senarra, Peter Murrell, atxilotu dute asteazken honetan, Eskoziako Alderdi Nazionalaren (SNP) finantzekin lotutako ikerketa baten harira, BBCk zabaldu duenez.
Eskoziako Poliziak, baina, ez du atxilotua nor den zabaldu; 58 urteko gizonezko bat dela eta galdeketa egitera polizia-etxera eraman dutela besterik ez du azaldu.
Poliziak erantsi duenez, hainbat etxebizitza miatu dituzte. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Atxiloketaren berri izan eta gutxira, SNPk ohar bat zabaldu du oraindik ikertzen ari diren kontu bati buruzko adierazpenik egitea egokia ez litzatekeela adieraziz, baina zehaztu du alderdiak "ahal duen guztian" lagunduko duela ikerketan.
SNPk erantsi du iragan asteburuan zuzendaritzak adostu zuela hurrengo asteetan alderdiaren "gobernantza eta gardentasuna" sakon aztertzea.
Arrazoirik eman gabe, Sturgeonek dimisioa aurkeztu zuen otsailean, eta Humza Yousafek hartu zuen haren kargua egun batzuk geroago.