08:59

Mundua

Ameriketako Estatu Batuak

Trump auzipetu dute, eta kargu kriminalei aurre egin beharko dien AEBko lehen presidente ohia izango da

Agentziak | EITB Media

New Yorkeko epaimahai nagusiak buruzagi errepublikanoa auzipetzea ebatzi du Stormy Daniels porno aktorearekin izandako sexu harremanak ezkutatzeko ordainketa sekretuaren auzian. Trumpek salatu duenez, "jazarpen politikoaren" eta "sorgin ehizaren" biktima da.

  • Trump, artxiboko argazki batean.

    Trump, artxiboko argazki batean. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Azkenean, bai. New Yorkeko epaimahai nagusiak Donald Trump AEBko presidente ohia auzipetzea erabaki du Stormy Daniels porno aktorearekin izandako sexu harremanak ezkutatzeko ordainketa egitea egotzita. 

AEBko presidente izandako batek lehen aldiz egin beharko die aurre kargu kriminalei. Orain Manhattango Fiskaltzari dagokio Trump deitzea auzipetzearen berri emateko. Orduan ezagutuko dira leporatzen dizkioten karguak.  

Auzipetuta zegoela ezagutu berritan, oharra kaleratu du buruzagi errepublikanoak. Horren ustez, pairatzen duen "sorgin ehizaren" beste adibide bat baino ez da, eta "jazarpen politiko eta esku hartze elektoralaren biktima" dela esan du. "Hau ez da inoiz gertatu gure nazioaren historian", salatu du. 

Politikari errepublikanoak Etxe Zurirako lehia ez duela utziko berretsi du —2024rako hautagaia izango da—, eta "Justizia aurkari politikoa zigortzeko tresna gisa" erabiltzea egotzi dio Bidenen Alderdi Demokratari. 

Trumpen agintean presidenteorde izan zen Mike Penceren hitzetan, "eskandalua" eta "kriminalizazio politikoaren adibide" da Trumpen auzipetzea. Presidente izateko hautagai errepublikanoa ahal bezainbeste aldendu da presidente ohiarengandik, 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioaren kontrako erasoaldia izan zenetik bereziki, baina ez du zalantzarik izan bere buruzagi ohia defendatzeko: "Estatubatuarrak nazkatuta dauden bi mailako sistema motaren adibide berri bat dirudi honek".

Era berean, "komunikabideek Donald Trumpen ikerketekiko obsesioa" ere kritikatu du, "jendea hain gaizki pasatzen ari denean", estatubatuarrek ulertzen ez duten interesa dela argudiatuta.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena