Mundua
Israel
Ben Gvirrek Netanyahurekin adostu du erreforma judiziala atzeratzea, Israelen protesta jendetsuak direla eta
Agentziak | EITB Media
Herrialde osoan manifestazio ugari egin eta langileen greba orokorra deitu ostean iritsi da iragarpena. Lehen ministroak arratsalde honetan adierazi duenez, "gerra zibil" baten beldur da.
Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroak Benjamin Netanyahu lehen ministroarekin adostu du erreforma judizialaren tramitazioa zenbait hilabetez atzeratzea, baina ez behin betiko etetea, Botere Judua alderdiak jakitera eman duenez. Bart izandako protesta jendetsuen ostean iritsi da iragarpena, 650.000 pertsona baino gehiago atera baitziren orduan kalera.
Orain arte legedi hori geldiarazteko Gobernuko kiderik uzkurrena izan den eskuin muturreko ministroak adierazi duenez, "erreforma negoziazioen bidez onartzeko hurrengo saiora arte luzatu da [...], erantzukizun nazionalagatik".
Hurrengo saioa maiatzean hasiko da, Pazko Juduaren etenaldiaren ondoren, eta uztailera arte luzatuko da. Hala, hiru hilabete emango dizkio atzerapenak Gobernuari, oposizioarekin negoziatzen jarraitzeko.
Iragarpena herrialde osoan manifestazio ugari egin eta langileen greba orokorra deitu ostean heldu da, duela hiru hilabete hasitako protesta mugimendu historiko baten baitan.
Netanyahuk arratsaldean adierazi duenez, ez dago prest "gure herrialdea suntsitzeko eta gerra zibilera herrestan eramateko prest dagoen muturreko gutxiengo bat onartzeko". Era berean, gogorarazi du koalizioko aliatu "gehienek" babesten dutela neurria, eta goizago edo beranduago onartuko dutela.
Protesta mugimenduak ez du etenik, 100.000 israeldar baino gehiago atera baitira gaur Jerusalemen, Kneseten, izandako manifestazioan. Bart ere 650.000 pertsona baino gehiago atera dira kalera, Netanyahuk Defentsa ministroa kargutik kendu izanari erantzuteko. Izan ere, lehen gobernukidea izan zen publikoki erreforma eteteko eskatzen.
Erreforma judizialaren helburua Gobernuak Justiziaren gainean duen kontrola handitzea da, Justiziaren independentzia ahulduz.