Itxi

Mundua

Bankuen krisia

Biden: "Gure banku-sistema segurua da eta bezeroek gaur bertan izango dute euren dirua eskuragarri"

Agentziak | EITB Media

Estatu Batuetako presidenteak gizartea lasaitu nahi izan du AEBetako banku-sistema segurua dela ziurtatuz Silicon Valley Bank eta Sigature Bank bankuen porrotaren ondoren.

  • Joe Biden hedabideen aurrera irten da Silicon Valley Bank eta Signature Bank erori ostean. Foto: AFP

    Joe Biden hedabideen aurrera irten da Silicon Valley Bank eta Signature Bank erori ostean. Foto: AFP

Amerikako Estatu Batuetako presidentea, Joe Biden, prentsaren aurrera irten da, Silicon Valley Bank y Signature Bank bankuen porrotaren ondoren, bertako gizartea eta ekonomia lasaitzeko asmoz. Bi bankuetako bezeroek gaur bertan izango dutela euren dirua eskuragarri ziurtatu du.

Hedabideen aurrean egin duen hitzaldi motz batean, adierazi du bere Gobernuak asteburuan hartu dituen neurri azkarren ondorioz, AEBetako herritarrek konfiantza osoa izan dezaketela bertako banku-sisteman. Hala ere, konfiantza hori handitzeko asmoz, bankuen arauak indartu ditzatela eskatuko die Kongresuari eta erregulatzaileei.

Joe Bidenen hitzetan krisi honetako galerak ez dira zergen bidez ordainduko, aseguruen funtsek ordainduko dituztela argitu du. Inbertsoreei dagokienez, ordea, ez dituztela babestuko argitu du; "arrisku bat hartu zuten eta, arrisku hori gaizki doanean, dirua galtzen da" esan du.

Azkenik, bi banku hauetako kudeatzaileek ezin dutela euren postuetan jarraitu jakinarazi du.

Bi bankuen porroten ondorioz, erregulatzaileek hainbat neurri hartu behar izan dituzte asteburuan. Ondoren, astelehenean, burtsak burua altxa ezinik ibili dira eta, zabaldu diren zurrumurruen arabera, AEBetako Erreserba Federalak ez ditu interes tipoak igoko hurrengo asteko bileran.