Mundua
Pablo Nerudaren heriotza
Agentziak | EITB Media
Poeta eta politiko txiletarraren familiak aurreratu du ikerketaren emaitza (bihar aurkeztuko dute ofizialki). Horren arabera, botulismoa eragiten duen bakterioa izan zen haren heriotzaren eragilea, ez pankreako minbizia.
Rodolfo Reyes, poetaren iloba, eta Elizabeth Flores abokatua, txostenari begira. Argazkia: EFE
Pablo Neruda Txileko poeta eta politiko ezagunaren familiak jakinarazi duenez, 1973an hildako idazlea "Txileko Estatuko agenteek hil zuten, pozoituta", eta hala eman du frogatutzat ikerketa batek. Bertsio ofizialaren arabera, pankreako minbiziaren eraginez zendu zen Neruda.
Nazioarteko aditu talde batek egin du azterketa, eta, ofizialki, bihar aurkeztuko dute. Familiak, baina, txostenaren emaitza aurreratu du.
Rodolfo Reyes Nerudaren iloba eta abokatuaren esanetan, botulismoa eragiten duen bakterioa (clostridium botulinum) atzeman zuten Nobel saridunaren gorpuzkietan. "Orain badakigu bakterio hori ez zutela hilkutxatik sartu, hil baino lehen bazuen", azaldu du.
McMaster (Kanada) eta Kopenhage (Danimarka) unibertsitateetako adituek egindako ikerketa berri horrek 2017an egindako beste baten ondorio berberak izan ditu. Orduko hartan ere, minbiziak eragindako heriotzaren bertsioa errefusatu zuten ikertzaileek.
Txosten berri horren ondorioak otsailaren 3an aurkeztu behar zituzten, baina bi aldiz atzeratu dute aurkezpena. Azkenean, esan bezala, bihar egingo dute publiko emaitza.
Clostridium botulinum bakterioa lurrean egon ohi da, eta batez ere etxe-abereei eragiten dien botulismoaren eragilea da. Gizakiei ere eragin diezaieke, eta hilgarria da, nerbioei erasaten baitie. Nerudaren hagin batean bakterio horren "kopuru handia" topatu dute adituek.
"Horrek ez zuen Nerudaren gorputzean egon behar, ziztatu egin zioten. Abokatu gisa, esan dezaket Txilek akabatu zuela Neruda. Nork egin zuen? Oraindik ez dakigu, baina jakingo dugu, eta argi dago Estatuko agenteak izan zirela", azaldu du Reyesek.
Argitzeke dagoena da nola eta nork sartu zion toxina idazleari. Nerudaren senitartekoek Manuel Araya idazlearen txoferra izandakoak defendatutako tesia babesten dute. Horren arabera, erregimenaren agente ezkutu batek ziztatu zion, medikua zelakoan.
"Nerudak minbizia zeukan, baina ez zegoen larri. Zailtasunak zituen ibiltzeko, mina zuen, baina ez zegoen hiltzeko zorian", adierazi du Elizabeth Flores familiaren abokatuak.
Nerudaren familiak eta Txileko Alderdi Komunistak (bertako kidea zen idazlea) urteak daramatzate idazlearen heriotzaren arrazoiak argitu eta Pinocheten erregimenak zabaldutako bertsioa gezurtatu nahian. Nobel saridunaren gorpuzkiak 2013an atera zituzten hilobitik, Pako Etxeberria auzitegiko medikua bertan zela.
Senitartekoek gogorarazi dutenez, 1973ko irailaren 23an hil zen Neruda, Salvador Allende presidente sozialistaren kontrako estatu kolpea gertatu baino bi aste lehenago. Antza, Nerudak Mexikora joateko asmoa zuen, eta bertan Pinocheten "oposizioaren burua" bihurtuko zela uste du familiak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa