10:47

Mundua

Lur astinduak

21.000 pertsona baino gehiago hil dira Turkian eta Sirian izandako lurrikaren ondorioz

Agentziak | EITB Media

Orduek eta egunek aurrera egin ahala, gero eta txikiagoa da hondakinen artean norbait bizirik aurkitzeko itxaropena. 75.000 bat dira zauritutakoak. Erdogan Turkiako presidenteak zehaztu duenez, asteleheneko lurrikara handien ostetik beste 600 seismo izan dira eremuan.

0:40
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

21.000 pertsona baino gehiago. Horiek dira, azken balantzearen arabera, Turkia hego-ekialdean eta Siria iparraldean astelehenean izandako lurrikara suntsitzaile sorten ondorioz hildako pertsonak

Turkiako Barne Ministerioaren mendeko Hondamendiak eta Larrialdiak Kudeatzeko Agintaritzak (AFAD) zehaztu duenez, 18.323 pertsona hil direla baieztatu dute orain arte, eta zaurituak 74.242, Turkiako albiste-agentziak, Anatoliak, jaso duenez. Sirian 3.000tik gora dira hildakoak. 

Ostiralean, larrialdi-zerbitzuek hondakinen azpian gelditutako pertsonak erreskatatzen jarraitzen dute, lurrikarak izan eta 100 ordu geroago. Gero eta zailagoa da ordea inor bizirik aurkitzea, gizaki batek urik edo janarik gabe 72 ordu iraun dezakeelako horrelako hondamendietan.

Turkiako Barne Ministerioaren menpekoa den Hondamendiak eta Larrialdiak Kudeatzeko Agintaritzaren hitzetan, Turkian 17.100 pertsonak galdu dute bizia, eta 75.000 zauritu dira. 

Aurrez, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen ustez, gertatutakoa "hondamendi handia" izan da. Lur astinduen ondorioz, 6.444 eraikin behera etorri eta erabat suntsituta geratu dira. "Gure baliabide guztiak jarri ditugu martxan", erantsi du. "Erreskate taldeek lanean jarraituko dute hondakinen artean harrapatutako guztiak atera arte", gaineratu du. 

Halaber, Agintaritzaren datuen arabera, astelehenean Richter eskalan 7,8 graduko indarra izan zuen lurrikara handi hartatik beste 648 izan dira; "indartsuenak, Elbistanen epizentroa izan zuena, 7,6ko indarra izan du". 

98.100 agente, boluntario eta erreskate taldeko kide daude lanean Turkian. Orduek eta egunek aurrera egin ahala, gero eta txikiagoa da hondakinen artetik norbait bizirik aurkitzeko aukera. 

Hain justu, erreskate taldeen eta elikagai eta osasun produktuen mugimenduak errazte aldera, aire-zubia jarri du Turkiak Istanbuldik, Ankaratik eta Esmirnatik. Gainera, Defentsa Ministerioak krisia kudeatzeko zentroa eratu du. 

Egoera Sirian

Bestalde, Siriako Gobernuak kontrolatutako eremuetan 1.262 pertsona hil dira eta 2.285 zauritu, bertako Osasun Ministerioak SANA albiste agentziari emandako datuen arabera. Alepo, Hama, Latakia, Tartus eta Idlib guneetan zenbatutako biktimen kopurua da. 

Oposizioak kontrolatutako eremuetan, berriz, 1.900 baino gehiago dira hildakoak, eta 2.950 zauritutakoak, kasko zurien esanetan. 

Oro har, beraz, 3.192 hildakotik gora eta 5.235 zauritu inguru zenbatu dituzte, momentuz, Sirian.

"Erlojuaren kontrako lasterketan ari gara", azpimarratu dute Siriako Osasun Ministeriotik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena