Itxi

Mundua

Ukrainako gerra

Alemaniak baieztatu du 14 Leopard 2 tanke bidaliko dituela Ukrainara

Agentziak | EITB Media

Azken egunotako espekulazioen ondoren, Berlinek hartuko lukeen jarreraren inguruan, azkenean, Alemaniako Gobernuak gerra-ekipamendu mota hori bidaliko du.

1:21
Alemaniak 14 Leopard tanke bidaliko ditu Ukrainara. EITBren bideo batetik hartutako irudia.

Alemaniako Gobernuak baieztatu du Leopard 2 tankeak bidaliko dituela Ukrainara, Ukrainako Indar Armatuek errusiarren aurrean duten gaitasuna indartzeko, Berlinek azkenean hartuko lukeen jarreraren inguruan espekulazioak egin eta gero. Zehazki, Alemaniak 14 Leopard 2A6 entregatuko ditu, Alemaniako Indar Armatuen armategian daudenak.

Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak Bundestagen (Parlamentu federala) azaldu duenez, Volodímir Zelenski Ukrainako presidentearekin hitz egin du herrialde horretako egoeraz eta Alemaniaren "erantzunaz", eta Kievek eskatzen dituen "Leopard2" ak bidaltzeko erabakia berretsi du.

"Alemaniak beti erantzungo du Ukrainari babesa eman behar zaionean", adierazi du Scholzek osoko bilkura parlamentarioaren aurrean, eta azpimarratu du hornidura horiek "gure aliatuekin koordinatuta" egingo direla. Era berean, Errusiaren "eraso inperialista" gaitzestu du.

Halaber, "Leopard 2"ak bidaltzeko erabakia aliatuekin koordinatuta hartu dela berretsi du, eta, besteak beste, Estatu Batuak eta Frantzia aipatu ditu.

Scholzen adiezpen horien aurretik, baina, Steffen Hebestreit Olaf Scholzen Exekutiboaren bozeramaileak baieztatu du berria. eta Oleksiy Makeiev Ukrainak Alemanian duen enbaxadoreak txalotu egin du "borrokarako gurdien koalizio handi" bat eratzea.

"Tanke hauek Errusiaren erasoaldiari aurre egiten eta Errusiak okupatutako lurraldeak zein herritarrak askatzen lagunduko digute", adierazi du Hanburgora egindako bisitan. "Espero dut gure gizonek laster jasoko dituztela katu horiek Ukrainan", esan du, ironiaz Leopardarrei buruz.

Zentzu horretan, borrokarako tankek "bizitzak salbatzen" lagunduko luketela azpimarratu du. "Denetarik behar dugu, eta eskertuta gaude laguntza mota guztiengatik", adierazi du Makeievek, eta Ukrainako armadak eta militarrek "ekipamendu desberdinak erabil ditzaketela erakutsi dutela" azpimarratu du. "Arma sistema gehiagori buruz hitz egingo dugula onartzen dut", esan du, Ukrainak egindako eskaera berriak baztertu gabe.