Mundua
Ukrainako gerra
Agentziak | EITB MEDIA
Ukrainaren aliatuek bilera dute Ramsteinen, Kievi eman beharreko laguntza militarra hizpide. Ukrainak Alemanian egindako tankeak eskatu ditu, eta NATOko hainbat estatu prest agertu dira bidaltzeko, baina horretarako Berlinen baimena behar dute.
Alemaniako Gobernuak ez du Ukrainara bidaltzeko tankeen hornidura desblokeatu. Horrelaxe erabaki dute Ukrainako Kontaktu Taldeko herrialdeen bileran, Ramsteingo base militarrean, Alemanian.
Bileran, Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroak adierazi du ez dagoela aho batez iritzirik Kievek Errusiako indarrei aurre egiteko eskatzen dituen Leopard tankeen hedapenari buruz, nahiz eta etorkizunean ez den pausoa emateko itxi, iturri diplomatikoek Europa Pressi baieztatu diotenez.
Gaiak nazioarteko arreta piztu du azken egunotan, Berlinek bere esku baitu tankeak Ukrainara berriro esportatzeko baimena ematea, Poloniak eta Baltikoko herriek eskatzen dioten bezala.
Kontsultatutako iturriek baieztatu dutenez, Ramsteingo bileran ez da akordiorik adostu, eta adierazi dute "ez dela oso argia" tankeei buruzko erabakia hartu ahal izango den edo azkenean hartuko den.
Hitzordua 09:00etan hasi da, eta bertan izan dira Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia, Lloyd Austin AEBko Defentsa idazkaria, Oleksii Reznikov Ukrainako Defentsa ministroa eta Alemania, Erresuma Batua eta Poloniako kideak ere.
Ukrainak Errusiari aurre egiteko babes militar handiagoa eskatu berritan egin dute bilera. Kievek arma astun eta modernoagoak eskatu dizkie aliatuei, tartean Alemanian egiten diren Leopard 2 tankeak.
Ez da lehen aldia Kievek tanke moderno horiek eskatzen dituena, baina orain arte, Alemaniak muzin egin dio bidaltzeari edota horien jabe diren beste herrialde batzuei igortzeko baimena emateari. Argudiatu duenez, aliatuek "koordinatuta" hartu beharreko erabakia da.
Presioak gora egin du azken egunetan, eta Alemaniako hainbat hedabideren arabera, baliteke Scholzen Gobernuak betoa altxatzea.
Bien bitartean, Errusiak ohartarazi du arma astunak bidaltzea "oso arriskutsua" izan daitekeela. "Ukrainari tankeak emateak kualitatiboki areagotuko du gatazka, ez da lagungarria izango Europaren segurtasunarentzat", esan zuen atzo Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa