Mundua
Ekialde Ertaina
Agentziak | EITB Media
"Statu quo"aren arabera, musulmanek bakarrik dute bertan otoitz egiteko eskubidea, judutarrek sartzeko eskubidea badute ere. Bisita "eraso larritzat" jo dute Hamasek eta Jihad Islamikoak, eta "Israelgo okupazioari aurre egiteko" deia egin.
Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindarra. Argazkia: EFE
Albisteak (1)
Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindar berriak Meskiten zabalgunea bisitatu du gaur, Hamasen eta Jihad Islamikoaren abisuei entzungor eginda eta Jordaniaren eta AEBren kritiken artean.
Meskiten zabalgunea Jerusalemgo toki sakratua da musulmanentzat —bertan daude, esaterako, Al Aksako meskita eta Arrokaren Kupula —zein judutarrentzat. 1967tik indarrean dagoen "statu quo"aren arabera, musulmanek bakarrik dute bertan otoitz egiteko eskubidea, judutarrek bisitari gisa sartzeko eskubidea badute ere. Dena dela, azken urteotan sionismo erlijiosoarekin —ildo horretakoa da Ben Gvirren alderdia, Otzma Yehudit— lerrokatutako errabino batzuk bertan errezatzen hasi dira, tentsioa sorraraziz.
Ben Gvirrek zabalgunean egindako adierazpenetan nabarmendu duenez, Israelgo Gobernuak "ez du Hamasen mehatxuen aurrean amore emango". Hamasek, bere aldetik, "probokaziotzat" jo du bisita eta "gerra erlijiosoaren atarian" egon daitezkeela ohartarazi.
Itamar Ben Gvir estrena su puesto como ministro de Seguridad de Israel con una visita a la Explanada de las Mezquitas... https://t.co/4S3TfnIQvS
— mikel ayestaran (@mikelayestaran) January 3, 2023
Palestinako Atzerri Ministerioak ere gogor egin du Ben Gvirren kontra, eta "erasoa" dela erantsi du. "Aurrekaririk gabeko probokazioa da, eta mehatxu larria gatazkaren testuinguruan".
Hamasek eta Jihad Islamikoak ohar bateratua kaleratu dute eta "liskarrak areagotzeko eta Israelen okupazioari aurre egiteko" deia egin diete Zisjordaniako palestinarrei.
"Ben Gvirrek Al Aksako meskitari egindako erasoa probokazioa da Palestinako herriaren kontra eta gerra erlijiosoa ataria utz dezake eskualdea", gaineratu dute.
"Argi eta garbi diot. Ben Gvirren bisitak egoera zartaraziko du eta beste intifada bat utz dezake. Prest egon behar dugu", ohartarazi zuen atzo Daoud Shihab Jihad Islamikoak Gazan duen bozeramaileak.
Ez da lehen aldia Israelgo Gobernuko kide batek Meskiten zabalgunea bisitatzen duena. 2000.eko irailean, Ariel Sharon Likuden orduko buruzagia bertara joateak Bigarren Intifada abiatzearen arrazoi nagusietako bat izan zen. Musulmanek probokaziotzat jo zuten eta Israelgo Polizia gogor oldartu zitzaien palestinarrei.
AEBren eta Jordaniaren kritikak
Bestalde, Tom Nides AEBk Israelen duen enbaxadorea kritiko azaldu da. Nabarmendu duenez, Washingtonek "'statu quo'ari eutsi nahi dio, eta horri kalte egiten dioten ekintzak onartezinak dira".
Jordaniak ere hitz gogorrak izan ditu Ben Gvirren kontra, herrialde horrek baitu eremuaren zaintza. Atzerri Ministerioak ohar batean adierazi duenez, bisita "Jerusalemgo historiaren eta lege egoeraren eta toki sakratuen kontrako bortxaketa onartezina da. Israelgo Gobernuak du Otzma Yehudit alderdiaren ekintzen erantzukizun guztia".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa