Mundua
Peru
Olatz Prat | EITB Media
Peruko ganberak errefusatu egin du presidenteak egindako Konstituzioa erreformatzeko proposamena, hauteskundeak aurreratzeko beharrezkoa dena. Era berean ukatu egin du kargua uzteko aukera, horrela "ez da arazoa konpontzen".
Dina Boluarte, Peruko presidentea. Argazkia: EFE.
Peruko presidente Dina Boluartek Peruko Kongresuari eskatu dio utz ditzala "aitzakiak albo batera" eta onartu dezala hauteskundeak aurreratzeko egindako proposamena. "Kongresuak gogoeta egin behar du eta herrialdearen alde lan egin; herritarren % 83k hauteskundeak aurreratu nahi dituzte", azaldu du Boluartek La Republica egunkarian argitaratutako Instituto de Estudios Peruanos (IEP) erakundearen azken inkesta bati erreferentzia eginez.
Peruko legegintzaldiek bost urteko iraupena dute; hauteskundeak aurreratzeko eta, ondorioz, agintaldi bat murrizteko, Konstituzioa erreformatzeko proposamen bat egin behar da eta onartu egin behar du Kongresuak. Boluartek proposatutako erreforma konstituzionalaren arabera, 2023ko abendurako aurreratzen ziren hauteskunde orokorrak, eta presidentetzarako eta parlamenturako agintaldiak hurrengo urteko apirilaren 30era arte murrizten ziren, agintaldia, berez, 2026ko uztailera artekoa den arren.
Neurriak 49 biltzarkideren babesa baino ez du jaso, beste 33 kontra agertu dira eta 25 abstenitu egin dira, Konstituzioaren erreforma aurrera ateratzeko behar diren kopuruetatik oso urrun geratuz, RPP irratiak jaso duenez.
"Ez bilatu aitzakiarik hauteskundeak ez aurreratzeko, bozkatu herrialdeari begira, ez ezkutatu abstentzio baten atzean. Egin zirt edo egin zart, erdizka ibilita ez dira herrialdeko arazoak konpontzen", adierazi du.
Presidenteak errefusatu egin du kargua uzteko aukera. "Zer konpontzen da nik uko eginez, arazoa konpontzen da? Ez, ez da arazoa konpontzen (...) Hemen egongo gara, tinko, Kongresuak hauteskundeak aurreratzea erabaki arte", azpimarratu du.
Estatuburuak abenduaren 7an hartu zuen kargua, Pedro Castilloren ordez. Adierazi duenez berea "trantsizioko gobernua" da, eta agintaldia ez amaitzeko erabakia hartua du, "hori baita herritarren borondatea, zentzurik zabalenean ulertuta".
Castillo espetxean dago hilaren 7an Parlamentuaren desegitea erabaki eta dekretu bidez gobernatuko zuen larrialdiko exekutibo bat eratuko zuela iragarri ondoren; egun hartan batzar konstituziogile bat deituko zuela eta justizia-sistema berrantolatuko zuela ere iragarri zuen. Kongresuak, ordea, kargutik kendu zuen eta Boluarte jarri haren ordez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa