Itxi

Mundua

irango protestak

Irango protestetan parte hartzeagatik heriotza zigorrera kondenatutako lehen pertsona exekutatu dute

agentziak | eitb media

"Jainkoaren aurkako gerra" egozten zitzaion. Guztira, 11 dira mobilizazioetan parte hartzeagatik heriotzara zigortutako pertsonak.

01:38
Irango lehen urkatua

Irango agintariek iragarri dute irailaren erdialdetik herrialdea astintzen ari diren protestetan parte hartzeagatik heriotza zigorrera kondenatutako lehen presoa exekutatu dutela. Mohsen Shekari gaur goizeko lehen orduan exekutatu dute, azaroaren 29an "jainkoaren aurkako gerra" delitua leporatuta, heriotza zigorra ezarri ostean.

Kondenatuari Teheranen izua sortzea, miliziano islamiar bat labanaz zauritzea, eta kale bat blokeatzea egozten zitzaion. "Jainkoaren aurkako gerra" delituak ez dakar beti heriotza zigorra, baina bai kasu honetan.

Mohsen Shekarik epaiketan aitortu zuenez, "ordaindu" egin zioten legearen agenteei erasotzeagatik, eta horregatik eman zion labankada bat milizianoari, zeinak 13 jostura-puntu behar izan zituen. Gaur gaurkoz, agintariek 11 pertsona kondenatu dituzte heriotzara mobilizazioetan parte hartzeagatik, eta beste milaka espetxe zigor ezarri.

Lehen exekuzio publikoa Afganistanen

Bestalde, 2021eko abuztuan talibanak boterera itzuli zirenetik lehenengoz, heriotza zigorrera kondenatutako lehenengo pertsona publikoki exekutatu zuten atzo, asteazkena, Afganistanen. Aurretik, herriko kiroldegian exekuzioa ikustera joateko deialdiak egin ziren. Haren ostean, herrialdeko segurtasun nazionala sendotzeko, herriaren eskubideei arreta handiagoa jartzeko eta 'sharia' legea hobeto aplikatzeko otoitz egin zuten.