12:02

Mundua

Israelgo hauteskundeak

Netanyahuren blokeak gehiengo zabala eskuratu du Israelgo bozetan

Agentziak | EITB Media

Botoen % 85 zenbatuta dagoela, Likud da lehen indarra 31 eserlekurekin. Horiei ultraeskuinak lortutako 14ak eta bi alderdi ultraortodoxoen 20 ordezkarienak batu behar zaizkie.

  • Netanyahu, bart gauean jarraitzaileen aurrean egindako ekitaldian.

    Netanyahu, bart gauean jarraitzaileen aurrean egindako ekitaldian. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministro izandakoak irabazi ditu herrialdeko hauteskundeak, botoen % 85 zenbatuta dagoela. Likudeko buruak zuzentzen duen blokeak, ultraeskuinaren eta ultraortodoxoen laguntzarekin, gobernua osatzeko nahikoa babes luke, horrenbestez.

Hauteskunde Batzorde Nagusiak emandako datuen arabera, 3,8 milioi boto zenbatu dituzte dagoeneko. Netanyahuren Likud eskuineko alderdia lehen indar da, eta 31 eserleku lortu ditu; Alderdi Sionista Erlijiosoak (ultraeskuina), 14, eta bi indar ultraortodoxoek, 20. Guztira, 65 lirateke, eta Parlamentuak 120 ditu.

Netanyahuren kontrako blokea tarte dezentera geratu da, eta Yair Lapid jarduneko lehen ministroa buru duen eskuineko, zentroko eta ezkerreko blokeak 50 ordezkari eskuratu ditu. Dena dela, liberalagoak diren eremuetako kontaketaren menpe egon daiteke emaitza.

Yesh Atid Lapiden alderdia bigarren indarra da, 24 ordezkarirekin. Meretz ezkerreko indarrak ez du oraingoz botoen % 3,25ko langa eskuratu eserlekua lortzeko. Hortaz, lau ordezkari galduko lituzke Netanyahuren kontrako blokeak.

Bestalde, Balad alderdi arabiarra gutxieneko horretatik gertu dago, baina oraingoz ez du erdietsi. Biek ordezkaritza lortuko balute, balantza mugituko litzateke.

Hauteslekuak itxi ondorengo inkestek ere Netanyahuren blokearen garaipena aurreikusten zuten, baina 61-62 ordezkari emanda. Horren kontrakoak 54-55 eserleku eskuratuko lituzkete.

Galdeketen emaitzen aurrean, zuhur azaldu zen Lapid, eta ondorioak atera baino lehen "azken boto-papera zenbatzeko deia" egin zuen.

Ifrentzuan, garaipen giroa zegoen Likuden egoitzan. Netanyahuk "garaipen handi baten atarian" zeudela esan zien jarraitzaileei, baina behin betiko emaitzen zain egoteko eskatu zuen.

2019tik Israelen egiten dituzten bosgarren hauteskundeak dira honakoak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena