08:40

Mundua

Iran

Mahsa Amini hil zenetik, protesta egunik gogorrenetako bat bizi izan du Iranek

Agentziak | EITB MEDIA

185 hildako baino gehiago izan dira. Amini beloa gaizki jantzita eramateagatik atxilotu zuten, eta poliziaren zaintzapean zegoela jasotako kolpeen ondorioz hil zen, haren familiak salatu duenez. Herrialdea sutan dago, lau aste daramatzate bertan mobilizazio, greba eta liskarrekin.

  • Mahsa Amini gazte irandarraren heriotza salatzeko protesta egin dute manifestariek. Argazkia: EFE.

    Mahsa Amini gazte irandarraren heriotza salatzeko protesta egin dute manifestariek. Argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mahsa Aminiren hilketak eragindako protestetako egunik gogorrenetakoa izan zen larunbatekoa Iranen: dozena bat hiritan liskarrak eta grebak egin dituzte, eta ez dira falta izan Ebrahim Raisi Irango presidenteari zuzendutako txistu eta salaketak. Laugarren astean sartu dira mobilizazioak.

Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Irango agintarien aldeko indar polizialek protesten aurrean erabilitako errepresioaren ondorioz 185 pertsona hil dira dagoeneko, tartean, 19 haur. Gainera, azken orduetan, egurtasun indarrek Sarina Esmailzadeh 16 urteko manifestaria jipoitu eta hil izana salatu du erakunde horrek berak.

Hiru egunez protestarik egin gabe egon ondoren -asteazkena jaieguna izan zen, eta osteguna eta ostirala asteburua dira- "Emakumea, bizitza, askatasuna" oihu berrituekin hasi da astea Iranen, unibertsitate eta ekintzaileek mobilizatzeko deia egin ondoren.

Teherango Sharif Unibertsitate entzutetsuaren inguruan, gazte eta belorik gabeko emakume talde txikiak bildu dira, eta protestak egin dituzte, istiluen aurkako Poliziaz inguraturik.

Borrokak bereziki gogorrak izaten ari dira Irango Kurdistanen, Aminiren jatorrizko eskualdean. Bertako hiriburuan, Sanandajen, gainera, greba eguna izan dute, eta itxita egon dira dendak.

Iranen bertsio ofiziala

Mahsa Amini, 22 urtekoa, irailaren 16an hil zen, Teherango Moralaren Poliziak hiru egun lehenago atxilotu ondoren, belo islamiarra gaizki jarrita zeramala iritzita.

Irango Auzitegi Medikuntzako Erakundeak ostiral honetan adierazi duenez, Amini aurretik izandako gaitz baten ondorioz hil zen, eta ez Poliziaren kolpeen ondorioz. Familiak salatzen jarraitzen du Amini poliziaren zaintzapean zegoela jaso zuen jipoiaren ondorioz hil zela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena