Mundua
Nobel Sariak
Ales Bialiatski aktibista eta giza eskubideen aldeko Errusia eta Ukrainako bi elkarte, Bakearen Nobel saridun
EITB Media
Bialiatski Bielorrusiako abokatu eta aktibista da, herrialde horretan mugimendu demokratikoaren sustatzaileetako bat izandakoa. Memorial Errusiako gobernuz kanpoko erakundea eta Ukrainako Askatasun Zibilen Zentroa ere saritu dituzte.
Aurtengo Bakearen Nobel sariak Errusiako, Bielorrusiako eta Ukrainako aktibismo zibila goraipatu nahi izan ditu, Ales Bialiatski Bielorrusiako aktibista eta abokatua, Errusiako Memorial gobernuz kanpoko erakundea eta Ukrainako Askatasun Zibilen Zentroa sarituta.
Berit Reiss-Andersen Norvegiako Nobel Batzordearen presidenteak iragarri du golardoa 11:00etan. Bialiatskik berak eta bi erakundeetako ordezkariek abenduan jasoko dute saria Oslon (Norvegia). Mundu mailako aintzatespenaz gain, 10 milioi koroa suediar (917.000 euro inguru) jasoko dute saridunek.
"Nobelaren Batzordeak Bielorrusian, Errusian eta Ukrainan bizikidetza baketsuaren, demokraziaren eta giza eskubideen txapeldunak omendu nahi ditu", esan du Reiss-Andersenek.
Bialiatskiri buruz, honakoa nabarmendu du batzordeak: "1980ko hamarkadan Bielorrusian sortu zen mugimendu demokratikoaren sustatzaileetako bat izan zen. Urteak eman ditu demokrazia bultzatzen eta bere jaioterriaren bakea garatzen". Gogorarazi duenez, Viasna (udaberria, bielorrusieraz) sortu zuen Bialiatskik, "Bielorrusiako presidenteari botere ahalguztidunak eman zizkion erreforma konstituzionalen kontra, eta gaur-gaurkoz, preso dute".
Bialiatski, artxiboko argazki batean.
Memorial Errusiako gobernuz kanpoko erakundea ahotan, batzordeak gogora ekarri du Errusiako indarrek biztanleriaren kontra egindako gerra krimenak eta abusuak bildu eta egiaztatu dituela. "2009an, Natalia Estemirova Memorial elkarteak Txetxenian zuen bulegoko burua erail zuten", oroitarazi du. Militarismoaren kontra, giza eskubideak eta Zuzenbide Estatuan oinarritutako gobernua sustatzen ibili da, Nobel batzordearen arabera.
Askatasun Zibilen Zentroa Ukrainan demokrazia eta giza eskubideak bultzatzeko sortu zutela azpimarratu du Reiss-Andersenek. "Ukrainako gizarte zibila indartu eta herrialdea demokrazia oso bihurtzeko presio egin du", erantsi du.
Ukrainako gerra hasi zenetik, gainera, "Errusiako gerra-krimenak dokumentatzeko iturri garrantzitsu bihurtu da", betiere Nobel batzordearen arabera.
Norvegiako Nobel Batzordearen ahotan, "balio humanisten, antimilitarismoaren eta giza eskubideen aldeko euren esfortzu etengabeekin, aurtengo saridunek Alfred Nobelen bakearen ikuspegia balioan jarri eta biziberritu dute. Gaur egun, ikuspegi hori oso beharrezkoa da munduan".