12:08

Mundua

2022ko Nobel Sariak

Alain Aspect, John F. Clauser eta Anton Zeilinger zientzialariek irabazi dute Fisikako 2022ko Nobel Saria

EITB MEDIA

"Mekanika kuantikoarekin lotuta" egindako aurkikuntzengatik jasoko dute golardoa.

  • Alain Aspect, John F. Clauser eta Anton Zeilinger | Ill. Niklas Elmehed © Nobel Prize Outreach.

    Alain Aspect, John F. Clauser eta Anton Zeilinger | Ill. Niklas Elmehed © Nobel Prize Outreach.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Alain Aspect, John F. Clauser eta Anton Zeilinger zientzialariek irabazi dute Fisikako 2022ko Nobel Saria, astearte honetan Karolinska Institutuak Stockholmen jakitera eman duenez, "mekanika kuantikoarekin lotuta" egindako aurkikuntzengatik.

Aspectek, Clauserrek eta Zeilingerrek egindako lanari esker, informazio kuantikoan oinarritutako teknologia berrietarako bidea argitu dute. Karolinska Institutuak zehaztu duenez, aitzindariak dira informazio kuantikoaren zientzian, eta esperimentu berritzaileak egin dituzte "elkarri lotutako egoera kuantikoak baliatuz".

Saridunek baliabide esperimentalak garatu dituzte, eta, horiei esker, "teknologia kuantikoaren beste garai bat hasi da. Egoera kuantikoak eta horien ezaugarrietako geruza guztiak manipulatu eta kudeatzeko gai izateak sarbidea ematen digu espero ez genuen potentzialeko hainbat baliabide izateko".

Alain Aspect frantziarrak "konfigurazio jakin bat garatu du, eta, horren bidez, hutsune bat bete ahal izan dugu. Elkarri lotutako pare batek iturria utzita, neurketa konfigurazioa aldatzeko gai izan zen; horrela, igorri zituztenean zegoen konfigurazioak ezin zion emaitzari eragin".

John F. Clauser estatubatuarrak elkarri lotutako bi fotoi igortzen zituen gailu bat egin du; bakoitzak polarizazioa frogatzen zuen filtro batera igortzen zuen. Emaitzak Bellen desberdintasuna urratzen zuen, eta mekanika kuantikoaren aurreikuspenekin bat zetorren.

Anton Zeilinger austriarrak elkarri lotutako egoera kuantikoak ikertu ditu, eta ikerkuntza taldeak "teletransportazio kuantikoa izeneko fenomenoa frogatu du; horren bidez, partikula baten egoera kuantikoa beste partikula batera mugitu ahal da, urrutitik ere", laburbildu du suediar akademiak.

Egunotan, 2022ko Nobel Sarien berri ematen ari dira; izan ere, astelehenean iragarri zuten Svante Pääbo ikerlariak jasoko duela Medikuntzakoa. Kimikakoa, Literaturakoa, Bakearena eta Ekonomiakoa ere ondorengo egunetan esango dute nortzuek jasoko dituzten.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena