09:46

Mundua

profila

Lula da Silva, nostalgia abiapuntu

eitb media

Brasilgo Caetes udalerrian jaioa, bere jatorri apal eta langileak masa fenomeno bihurtu zuen bere garaian. Zenbait ustelkeria kasutan nahastuta egon eta gero, hirugarren aldiz izango da Brasilgo presidente.

  • Brasilgo agintari ohia, hautesleku batera iristean agurtzen. Argazkia: EFE

    Brasilgo agintari ohia, hautesleku batera iristean agurtzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Luiz Inacio Lula da Silvak (Langileen Alderdia) 76 urte ditu, eta, lehen hauteskundeak irabazi eta hogei urtera, Brasilgo presidentetza bereganatuko du hirugarren aldiz, urriaren 30eko presidentetza hauteskundeetan Jair Bolsonarori irabazi ondoren.

Lulak irabazi zuen lehen itzulia, eta bigarren itzulirako faboritoa zen. Hala ere, hauteskundeetako emaitzek erakusten dute hautesleria zeharo erdibituta dagoela; izan ere, progresistak % 50,83ko babesa lortu du (59.596.247 boto) eta Bolsonaro ultraeskuindarrak, botoen % 49,17 lortu ditu (57.647.404 boto).

Emaitzak ezagutu berritan eskaini duen lehen hitzaldian, Lulak nabarmendu du ez daudela "bi Brasil" eta herritar guztientzat gobernatuko duela hitz eman du, "bakea berrezartzeko". "Ez daude bi Brasil. Herri bakarra dago hemen, nazio bakarra", esan du.

Brasilgo Caetes udalerrian jaioa, bere jatorri apal eta langileak masa fenomeno bihurtu zuen bere garaian. Haurra zela, Lulak gosetik ihes egin zuen familiarekin, Brasilgo ipar-ekialde pobretutik, Sao Paulon lana bilatzeko. Herrialdeko eskualde industrializatuena da hori, eta bertan eraiki zuen bere karrera sindikal eta politikoa, unibertsitatetik igaro gabe. Iraultza sozialista Brasilgo Gobernura eraman zuen lehen aldiz, eta zortzi urte eman zituen agintean, 2003tik 2010era.

'Ez etsi inoiz' leloa hartuta, bide oparoa egin zuen sindikalismoan, diktadura militarrari aurre eginez. Langileen Alderdia sortu zuen, eta herritarren artean, sona handieneko militantea izatera iritsi zen.

Hiru hamarkada beranduago, Lulak joera desberdineko hamar bat alderdi aurrerakoiren babesa du egun oinarri eta, Jair Bolsonaro presidenteari aurre egiteko, arerio ohiak ere besarkatu ditu, hala nola Geraldo Alckmin kontserbadorea, presidenteorde izateko hautagaia.

Susperraldi politikoa

Haren eta Dilma Rousseff bere ondorengoaren kudeaketan nabarmendu ziren ustelkeria eskandaluek pixkanakako higadura eragin zuten haren irudian.

Lula bi aldiz zigortu zuten eskandalu horiengatik, eta urte eta erdi eman zuen espetxean. Ondorioz, ezin izan zuen hautagai izan 2018ko hauteskundeetan.

Urtebete geroago, Auzitegi Gorenak bi auzi horiek baliogabetu zituen akats eta irregulartasun prozesalengatik, eta Lulari askatasuna eta eskubide politikoak itzuli zizkion.

Harrezkero, bere izena garbitzen saiatu da, eta defendatu du bere zigorren arrazoia politikoa izan zela, Bolsonaroren hauteskunde garaipena ahalbidetzeko, alegia.

Biztanleriaren sektore handi batek ustelkeriaren, ondorioz, Lulari uko egin dion arren, bere ospeak Bolsonaro kargutik kentzeko aukera duen hautagai bakar modura ikusten dute herritarrek, demokraziaren defentsaren eta Brasil zoriontsu baten oroipenaren banderarekin.

Bi aldiz alargundu ondoren, 55 urteko Rosangela Janja Silvarekin ezkondu zen joan den maiatzean Lula da Silva.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena