Itxi

Mundua

PROTESTAK

90 hildakotik gora izan dira Iranen Mahsa Aminiren hilketagatik izandako protestetan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Irango Parlamentua bildu egin da gaur "erlijio-poliziaren jarrera eta jokabideak" ustez aldatzeko asmoz. Beloa txarto jarrita eramateagatik atxilotu zuen Mahsa Amini eta, polizia-zaintzapean zegoela, hil egin zen Poliziak eragindako kolpeek jota, familiak salatu duenez.

  • Masha Aminiren hilketa gaitzesteko elkarretaratzea. Argazkia: EFE

    Masha Aminiren hilketa gaitzesteko elkarretaratzea. Argazkia: EFE

Oslon egoitza duen Iran Human Rights Gobernuz Kanpoko Erakundearen arabera, 90 pertsonatik gora hil dira azken egunetan Iranen, Mahsa Aminiren hilketak eragindako protestetan. Beloa txarto jarrita eramateagatik atxilotu zuen Moralaren Poliziak eta, polizia-zaintzapean zegoela, hil egin zen. Aminiren familiak salatu duenez, Poliziak emandako kolpeengatik hil zen gaztea.

Izan ere, atxilotu eta ordu batzutara Teherango erietxe batean ospitaleratu zuten Amini, koma egoeran, irailaren 13an. Hiru egun geroago hil zen. Poliziak hilketaren erantzukizunari uko egin dio.

Bestalde, Irango Parlamentua ate itxian bildu da igande honetan, herrialdea pairatzen ari den krisi sozialari buruz eztabaidatzeko. Mohamad Baqer Qalibaf Parlamentuko presidenteak onartu du bileraren asmoa Irango polizia erlijiosoaren jarrera eta jokabideak aldatzea dela.

Era berean, ziurtatu du polizia moralaren metodoaren balizko aldaketa bat ebaluatuko duela, Mahsa Aminiren heriotza bezalako gertakariak berriro gerta ez daitezen.

Amini irailaren 16an hil zenetik, protesta handiak izan dira herrialdeko hiri askotan, askatasuna eta emakumeen eskubideak aldarrikatuta. Manifestariek herrialdeko sistema teokratikoaren aurka atera dira kaleetara, eta, mobilizazio horietan, ehunka pertsona atxilotu dituzte eta, Irango Estatuko telebistaren arabera, 41 hildako egon dira. GKEek, ordea, 83 pertsonara igo dute zifra hori.